Txiki Agirre ‘Keixeta’, artista: “Aspergarria da oso konkretua izatea, nahiago dut irekia izan”

Txiki Agirre ‘Keixeta’, artista: “Aspergarria da oso konkretua izatea, nahiago dut irekia izan”
2019/02/22 eta kitto!
Txiki Agirre ‘Keixetak’ azken hiru urteetako lanak batu ditu Portaleko erakusketa-aretoan. Sortze-prozesuan bide ezberdinak hartu zituzten lanek koherentzia lortu dute Portaleko “areto berezian”, eta Arroako margolari eta eskultorea pozik geratu da emaitzarekin. Keixetak esperimentatzea du gustoko eta gauza berriak probatze horrek ematen die ukitu pertsonala bere lanei.

 

- ‘Dikotomia’ izenburua dauka erakusketak. Zergatik?

Normalean ez naiz izaten izenburu jartzailea. Izenburu bat argi eta garbi jartzen baduzu, jendea bideratu egiten duzu. Erakusketa honetan bi bide hartu ditut, zeramika eta pintura, eta horregatik deitu diot ‘Dikotomia’.

- Bide bi horiek erakusketan elkartu dira?

Alde batetik zeramika landu dut eta beste alde batetik pintura. Zeramika egiten badut, ezin dut pintura egin. Sortze-prozesuan arlo biek ez dute zerikusirik eduki euren artean, baina erakusketa antolatzerakoan ohartu naiz lotura handia dutela eta lagungarriak direla. Bi arloak hobeto adierazten dira elkarrekin bakarka baino.

- Nolako mundua aurkituko dugu erakusketa-aretoko atetik sartzean?

Sarrera aurrean kupula ikusiko dugu. Zabaltasuna dauka eta erakusketaren laburpena ikus daiteke bertan: azken urteotan egin ditudan koadro abstraktuak, Alkizako basoaren irudikapena eta gatazka belikoen (AEB-en bonbardaketak Sirian) irudikapena. Bestetik, erretratoak, nire inguruarekin zerikusia duen pintura-abstraktua eta gatazka belikoak irudikatu ditut (bonbardaketak, errefuxiatuen egoera...) pinturari dagokionez; eta eskulturekin pertsonen buruak, erortzen ari diren bonbak eta bestelako elementuak, eta Alkizako basoa moldatu ditut.

- Nola bizi izan ohi duzu erakusketa egiteko momentua?

Portaleko erakusketa-aretoa oso berezia da. Azken hiru urteetan egindako lana aurkezten dut eta urte hauetan aldaketa handiak egon dira lanean, baina toki berezia denez leku ezberdinetan obra aurkezteko tokia uzten du koherentzia mantenduz. Erakusketa-aretoaren punta batetik bestera obra independentea da akaso, baina osotasunean koherentzia dauka. Ni naiz erakusketaz gozatzen duen lehena. Obra sortze-prozesuan dagoenean egileek dute lanaren jabetza, baina obra amaitu eta erakusten denean egileak jabetza galdu eta ikusle bakoitzak hartzen du jabetza hori. Ikusle bakoitzak bere interpretazioa ematen dio.

- Erakusketa batean lanak azaldu behar direla uste duzu ala ikusleen interpretazio kontua izan behar da?

Kasu ezberdinak daude. Hasieran ez zait gustatzen erakusketan egotea, ikusleak bideratzea. Lehenengo sentsazioak bistari jo behar dio, eta hori bihotzarekin lotu behar da buruarekin harremana sortzeko. Ez zait informazioa ematea gustatzen, harremana zuzena izan behar da. Obrek atentzioa eman behar dute. Denbora asko behar dut lan bat egiteko eta ikusleak ere denbora behar du obrari etekina ateratzeko. Gainera, etekina ezberdina izan behar da ikusle batengan edo bestearengan. Niretzat aspergarria da oso konkretua izatea, nahiago dut irekia izan. Bestetik, badaude hilda dauden artelanak, bizitzeko testua behar dutenak.