UEUk eskaintza zabala prestatu du udazken honetarako

UEUk eskaintza zabala prestatu du udazken honetarako
2012/09/19 00:00
eta kitto!

Udako ikastaroen 40. urteurrenaren oihartzuna oraindik desagertu ez denean, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere udazkeneko eskaintza aurkeztu du. Urria eta abendua bitartean 13 ikastaro eskainiko ditu UEUk Eibarren eta Iruñean. Udazkeneko eskaintza horren berri eman dute gaur goizean (eguaztena, hilak 19) Ane Sarasua UEUko Kudeatzaile Nagusiak eta Mari Karmen Menika Ikastetxe Nagusiko arduradunak.
Etengabeko prestakuntzaren eskaintza egonkortu egin du UEUk. Ane Sarasuak azaldu duenez, “Eibarko eta Debabarrenako erreferentzia akademikoa izan nahi du UEUk. Horretarako, Ikastetxe Nagusian eskaintza propioaren atala zabaltzea erabaki zen. Eibar inguruko euskarazko formazio eskaintza zabaldu nahi dugu, beti ere, etengabeko prestakuntzaren alorrean. Bestetik, guretzat Eibarko eskaintza hau ere oso garrantzitsua da, izan ere, UEU oraindik egoera ekonomiko delikatuan dago eta udako ikastaroekin gertatu den bezala, hauek ere arrakastatsuak izatea nahiko genuke ”. Horrela, azken zazpi urteetan egindakoaren bidetik, udako eskaintzaren ostean, udazkenean eta udaberrian ere ikastaroak eskainiko dira Markeskuan. Udazken honetarako UEUk Eibarren hamar ikastaro antolatu ditu, hiru atal nagusitan banatuta:
1) Informatika eta teknologia berriak
•    Moodle 2.0-ren oinarrizko erabilera (on line)
•    Ubuntu: ordenagailua modu erraz eta librean erabiltzeko
•    Marketina interneten
2) Giza eta gizarte-gaiak
•    Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak.
•    Sexualitatean aholkularitza egiteko jarraibideak osasun arloan.
•    Bileren dinamizazioa.
•    Entzun zure gorputza.
•    Mingostu gabe bizi, ezerekin, inorekin. Zure bizitza aberasteko gakoak.
•    Sormena lantzeko tailerra.
3) Osasun zientziak
•    Neuromuskulueskeletikoen froga diagnostikoak.
Iruñean hiru ikastaro antolatu ditu UEUk, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean (NUP).
•    Argazkigintza digitala eta GIMP, irudiak editatzeko programa librea.
•    Euskal Mitologia: hurbildu antzinako euskal mundura.
•    Emozioen kultura, norberaren gaitasunak lantzen.
Eskaintza zabala eta gizartera egokitutakoa da UEUk prestatu duena. Mari Karmen Menika Markeskoako arduradunak azaldu duenez, UEUk eskaera soziala hartu nahi izan du kontuan. Izan ere, hainbat ikastarok arrakasta izan zuten aurreko edizioan (“Moodle 2.0ren oinarrizko erabilera”, “Sormena”...) edota udako ikastaroetan (“Guraso/Hezitzaile eta haurren arteko elkar ulertzea”), eta jende ugari parte hartzeko aukera barik geratu zela esan du Menikak: “Gizartean dagoen premiari erantzuteko asmotan ikastaro horiek beste behin eskaintzea pentsatu dugu”.
Gaurkotasuna duten gaiak ere eskaini gura izan ditu UEUk udazken honetan. Hizkuntza, komunikazioa eta teknologia berrien inguruko ikastaroak antolatu ditu bide horretan. Interes orokorreko gaiak ere jorratuko dira. Horrela, mota guztietako ikasleengana eta gizarte esparru guztietara heldu nahi du UEUk. Mari Karmen Menikak nabarmendu gura izan duenez, “kalitatezko eskaintza egitea da UEUren helburua. Markeskuako Ikastetxe Nagusia Eibarrentzako eta inguruetako herrientzako erreferentzia akademikoa bihurtzea gura dugu”. Horretara dator euskarazko formazioaren eskaintza zabaltzeko ahalegina eta lana. Gainera, UEUk Euskal Herrira zabaldutako eskaintza du ardatz. Horregatik, Eibarren ez ezik,  Iruñean ere beste hainbeste ikastaro eskainiko ditu.
Ahalik eta jende gehiagorengana iristeko, zenbait formatutako ikastaroak antolatu ditu UEUk. Ildo horretatik, ikastaroak laburrak dira, 8 eta 20 ordu bitartekoak, eta ordutegiak ere zaindu egin dira: badaude arratsaldeko ordutegia dutenak eta larunbat goizetan emango direnak ere. Ikastaro horietan guztietan euren esparruan adituak diren irakasleak izango dira Markeskuan.
Diru-laguntzak
Eibarko eta Elgoibarko udalak bertan erroldatutako herritarrentzat diru-laguntzak emango dituztela iragarri dute. Bestalde, aipatu beharra dago matrikula prezio bereziak daudela ikasle, langabe eta jubilatuentzat.
Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta epe hori ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago amaituko da. Informazio gehiago jasotzeko edo matrikula egin nahi duenak bi bide ditu eskura: www.ueu.org helbidea eta telefonoz (943 82 14 26).