Ugandako Aba Taano taldeak gospel kontzertu solidarioa emango du Karmelitetan

Ugandako Aba Taano taldeak gospel kontzertu solidarioa emango du Karmelitetan
2023/05/05 eta kitto!
Bihar gospel musikaz gozatzeko aukera egongo da, Eibartik kanpora joan barik, Música para salvar vidas proiektu humanitarioaren eskutik 20:15ean Karmengo Amaren elizan (Karmelitetan) hasiko den kontzertuan. Ugandako Aba Taano taldeak, gospel estiloko kantuekin batera, Afrikako beste doinu batzuk, baita pop estiloko erritmoak ere eskainiko ditu, a capella abestuta. Aba Taano boskotea Kampalan (Uganda) sortu zen, baina handik kanpora aritzen dira kantuan. Taldeak mila kontzertu baino gehiago eman ditu Europako 14 herrialdetan, tartean Vaticanon, eta nazioarte mailako 11 sari jaso ditu. Zortzi album kaleratu ditu eta Afrikako ahotsekin liburutegi birtuala ere badu. Gainera, Roque Bañosen “The House” pelikularen soinu-bandan ere hartu du parte.

Une honetan Europan batetik bestera dabiltza kontzertuak ematen, eta maiatzean Euskal Herriko hainbat tokitan arituko dira, bihar Eibarren egingo duten bezala. Horrelako kontzertuetatik lortzen duten dirua Música para salvar vidas izeneko proiektua finantzatzeko erabiltzen da. Horregatik, nahiz eta sarrerarik ez duten kobratuko, saioaren amaieran jendeari dirua eskatuko zaio, bakoitzak ahal duenarekin lagundu dezan. Proiektu humanitarioaren arduradunek azaldu digutenez, “2005. urtean abiatu genuen proiektua, Ugandan erabat bakarrik zeuden haurrei laguntzeko asmoz. Eurak zaintzeko familia barik, aurrera egiteko laguntza ematen ahalegintzen gara, beraien kabuz bizitzeko prest egon arte. Gaur egun 60 bat neska-mutil daude gurekin, elkarrekin bizitzen eta ikasten. Gehienak adingabeak dira. Beraientzat etxea dena Kirekan dago, Kampalatik gertu, eta han bertan ikasten dute: haurrek lehen hezkuntza, bigarrena, klase espezializatuak eta unibertsitate mailako ikasketak egiten dituzte.

kontzertua