Xabier Ulazia: “Soinuarekin zerikusia duen guztiaz arduratzen da ’13 soinu’”

Xabier Ulazia: “Soinuarekin zerikusia duen guztiaz arduratzen da ’13 soinu’”
2023/03/17 eta kitto!
Xabier Ulaziak musika du pasio eta bere ibilbidean beste proiektu berri bat abiatu du: 13 soinu. Hainbat  hanka ditu egitasmoak: soinu-ekipoen muntaia, instalazioa eta alokairua; zuzeneko soinu-teknikari lana; musika taldeen eta bakarlarien managementa; eta ekitaldi kulturalen antolaketa. Harremanetarako: xabimetall@gmail.com edo 678 468 643.

 

Zertan datza ‘13 soinu’ proiektua?

Diskoen grabaketak kenduta, soinuarekin zerikusia duen edozein arlo batzen dituen proiektua da. Beraz, proiektuaren erabiltzaile potentzialak udalak, eragile kulturalak eta ekitaldietako antolatzaileak dira, besteak beste. Argi-hargunea emanez gero, ni arduratuko naiz ekipoaz, taldea ekartzeaz eta abar.

Beraz, taldeak ere kudeatzen dituzu?

Hainbat talderen managementaz (kudeaketaz) arduratzen naiz eta eurentzat kontzertuak eta abar lortzen dihardut orain dela urte batzuetatik hona. Zortzi urte egin ditut Lekeition, ehun kontzertutik gora antolatuz. Beraz, jende asko ezagutu dut eta talde batzuren mana-gementa eramateko aukera sortu zait: ‘Irai’, ‘Hilbera’, ‘Rojo cancionero’...

Gauza bat da taldeak kudeatzea eta beste bat ikuskizunak antolatzea. Zergatik eman duzu jauzia?

Axular Arizmendi Mutrikuko soinu-teknikariak konbentzitu ninduen. Zuzenekoetan ibiltzea nire pasioa bazen, aurrera egiteko esan zidan. Bestetik, ikusita pandemia eta gero ekimen kulturalekin sortu den gorakada, are eta animo gehiagorekin ekin diot. Izan ere, pandemiarekin arlo horretako jende bat beste sektore batzuetara pasatu zen eta eskaera asko dago orain. Ia hemen inguruan zerbait egiteko aukera sortzen den.

Kostaldean gehiago mugitu zara, ezta?

Bai, eta eibartarra izanda Eibarko talde bat edukitzea nahiko nuke, adibidez. Eta gero, eskaintza kulturala aberastea da kontua. Izan ere, ekitaldiak antolatzeko orduan, Gatibu eta horrelako talde ezagunak ekartzen dituzu, daukan kostu ekonomikoarekin, edo bestela ezer, eta nik eskaini nahi dudana da diru gutxirekin zerbait txukuna antolatu ahal izatea.

Musika egitea gero eta eskuragarriago dago, baina aukera berdinak daude taldeek zuzenekoak eskaini behar dituztenean?

Talde handien egoera ez da Euskal Herriko taldeen errealitatea. Euskal eszenan gaztetxe eta txosnagune asko dago, ekitaldiak egiteko beste aukera asko, eta hor ere soinu-teknikarien lana berebizikoa da.