[ZOZKETA] Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak ikuskizuna eskainiko dute Soraluzen

[ZOZKETA] Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak ikuskizuna eskainiko dute Soraluzen
2022/02/15 eta kitto!
Otsailaren 18an, barixakuan eskainiko dute 'Olatu arteko txalupa arraroa. Kantak eta berbak' ikuskizuna Ines Osinaga musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak Soraluzeko antzokian, arratsaldeko 19:00etan hasita. Emanaldirako sarrerak salgai daude Soraluzeko Iratxo goxodendan eta udaletxera deituta ere erreserba daitezke (943753043).

Ines Osinaga soinujolearen musika eta Joseba Sarrionandia idazlearen berbak uztartzen dituen emanaldia da antzokian eskainiko dutena. “Duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Habanan sortu zituen dozena bat testu, Atlantikoa zeharkatu eta Euskal Herrira heldu zirenak eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun”, dio emanaldiaren berri ematen duen testuak. Izan ere, duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Kuban sortutako letra horiekin sortu zuten Gosariak proiektua Iurretako idazleak eta Osinaga buru duen Gose taldeak. Orain, Sarrionandia Euskal Herrian dela baliatuta, idazleak letra horien jatorria eta zergaitia azalduko ditu Ines Osinagaren musikaz lagundutako emanaldian.

 

“Idazle izoztua Euskal Herrian da”

“Testuok gure eskuetara iritsi ziren eta guk kantu egin genituen. Habanan jaio eta Euskal Herrian hazi ziren kantuok tabako, ardo ta kanelaz. Orain, urteak pasa direla, eta gauzak aldatu direla, kamarada, idazle izoztua Euskal Herrian da, eta, kantuok hartu ditugu berriro esku artean”, dio aurrerago aurkezpen testuak.

Badira hilabete batzuk Sarrionandia Euskal Herrira itzuli zela (Durangaldeko Anboto komunikabideak iazko apirilean jakinarazi zuen idazlea Iurretan zela) eta harrezkero, zenbait kultur emanalditan parte hartu du, esaterako, Jon Maiaren Kantu bat gara emanaldian.

Ines Osinagarekin batera osatu duen ikuskizunari dagokionez, berriz, estreineko emanaldia urtarrilean eskaini zuten EAn, "Ea, H-a galdu zuen… erria" poesia jaialdian.

 

olatu_arteko_Txalupa_arraroa_4KARTELA_tokikom_700x700

 

Sarrerak eta zozketa

Otsailaren 18ko emanaldirako sarrerak Soraluzeko Iratxo goxodendan eskura daitezke gaurtik aurrera 5 euroko prezioan eta bertaratu ezin dutenek, berriz, Soraluzeko Udalean erreserba ditzakete, 943 75 30 43 telefonora deituta (astegunetan, goizez, 09:00etatik 14:00etara).

Bestalde, etakitto.eus-ek bi sarrera bikoitz zozkatzen ditu; ostegun eguerdira arteko epea dago izena emateko.