LABIren batzarra ostiral honetara aurreratu du Urkulluk

LABIren batzarra ostiral honetara aurreratu du Urkulluk
2021/01/20 eta kitto!
Batzarrean egungo egoera epidemiologikoa aztertuko dute eta neurri berriak hartu ala ez erabakiko dute.

Lehendakariak urtarrilaren 27an aurreikusita zegoen LABIren bilera aurreratzera erabaki du, egoera aztertzeko eta neurriak hartu behar diren edo ez erabakitzeko.

Neurri berrien artean, etxeratze-agindua 20:00etara aurreratzea egon liteke, eta gaur arratsaldean, hain justu, eztabaidatuko dute neurri hori Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluan.  Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak asteazken honetan esan duenez, erkidegoen artean "akordioa badago, ez dago arazorik" alarma egoeraren dekretua aldatzeko, besteak beste, etxeratze aginduaren ordutegian.

Joan den astelehenean, Iñigo Urkulluk esan zuen pandemiaren egoera "oso larria" zela, eta ohartarazi zuen "okerrera" egingo zuela, baina uko egin zion etxeko konfinamendu osoari. Beraz, gaurko Lurralde arteko Kontseilu bileran, etxeratze-agindua 20:00etara aurreratzea edo sei lagunetik laura mugatzea proposatuko du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, positibo berriak 1.046 izan dira gaur, asteazkena. Azken astean, 62 pertsona hil dira EAEn.