Lilatoian izena emateko epea zabalik

Lilatoian izena emateko epea zabalik
2021/01/13 eta kitto!
Martxoaren 5etik 8ra bitartean egingo da Lilatoia aurten, eta korrikalariak berak nahi duen lekuan egin ahalko ditu bost kilometroak, eremu ireki eta lau batean. Antolatzaileek mugikorreko aplikazio batekin jasoko dituzte korrikalarien denborak. Oinez, korrika, patinetan edo “handbike” modalitateetan parte hartu ahal izango da.

Ezohiko lasterketa izango da aurtengoa, COVID-19ak baldintzatuta. Urtez urte handituz joan da korrikalari kopurua, eta, iaz, 6.545 korrikalarik eman zuten izena. Nahiz eta aurten ezinezkoa izango den Lilatoia orain arte egin den moduan egitea, Atletico San Sebastian kirol klubak ez dio hutsik egin ekimena antolatzeari.

32.edizioa izango da, eta Lilaton, aurten ere ON! da leloa. «Lasterketa birtuala» deitu diote antolatzaileek, ez delako kirolarien arteko aurrez aurreko karrera bat izango.

Sakelako telefonoko aplikazio baten bidez jasoko dituzte denborak antolatzaileek, eta hala osatuko dute sailkapena. «Lortu duguna da gure sakelakoa txip bihurtzea», diote antolatzaileek. Taldeka ere parte hartu ahal izango da. Hamar kirolari artekoak izango dira taldeak, eta hortik gorakoa osatu nahi dutenei antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu diete, posta elektronikoz edo WhatsAppez 652-75 45 58 telefono zenbakira idatziz.

b75f12fa-9de4-4078-aa17-d90f20850b2e_p

Oraindik ez dute jakinarazi zein izango den aplikazioa, baina, laster kanal ofizialetan jakinaraziko dutela iragarri dute. Aplikazio hori jaitsi ondoren, martxoaren 5etik martxoaren 8ra bitartean egin behar da korrika. Martxoaren 4an 23:55ak arte egongo da irekita izena emateko epea. Lau euroko prezioa du izen-emateak, eta parte hartzeaz gain kamiseta jaso nahi duenak 11 euro ordaindu beharko ditu. Elastikoa martxoaren 1etik 8ra bitarte jaso ahal izango da Donostian, Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Irunen, Tolosan, Eibarren edo Zumarragan, eta, horretarako, otsailaren 21a baino lehen eman behar da izena.

Webgune ofizialean antolatzaileek gogorarazi dute gizonek ezin dutela Lilatoian parte hartu, eta azpimarratu dute emakumeak soilik sartuko dituztela sailkapen ofizialean.