Maiatzaren 30erako lanuzteak deitu ditu LAB sindikatuak hitzarmenen estatalizazioaren aurka

Maiatzaren 30erako lanuzteak deitu ditu LAB sindikatuak hitzarmenen estatalizazioaren aurka
2018/05/22 eta kitto!
LAB sindikatuko ordezkariek eskualde mailako batzarra egin dute gaur goizean Arrate Kultur Elkartean, maiatzaren 30erako Hego Euskal Herrian deitu dituzten lanuzteen harira. Datorren asterako deitu diren lanuzteak “hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan” izango direla azaldu dute sindikatutik. Eibarren, 12:30ean manifestazioa egingo da, Untzagatik abiatuta. Sindikatutik diotenez, “hain zuzen ere, mobilizazio orokorra egiteko eguna izango da, eta, langileen parte hartzea ahalbidetzeko, bi orduko lanuzteak egingo ditugu. Arrazoiak soberan daude kalera ateratzeko, eta horixe izan da egunotan, sektorez sektore, eskualdez eskualde, egiten ari garen batzarretan nabarmendu duguna. Gaurko, esaterako, Durangaldean, Aiaraldean, Gasteizen, Bilbon, Ezkerraldean, Bergaran eta Eibarren batzarrak aurreikusita genituen. Batzarraren ondoren, maiatzaren 30erako motorrak prestatzeko edo, mobilizazioa egin dugu Gasteizen, besteak beste”.