Maria Serrano (erizaina): "Gogorrena babes-jantzia hainbeste denboran gainean eramatea da"

Maria Serrano (erizaina): "Gogorrena babes-jantzia hainbeste denboran gainean eramatea da"
2020/03/18 eta kitto!
Kazetaria: Malen Illarramendi Beitia.
Avilesetik Eibarrera etorri da Maria  Serrano erizain asturiarra, Osakidetzatik horrela eskatu diotelako. Behar duen jendeari laguntzera etorri da, beraz. Berarentzat gogorrena babes-jantzia hainbeste ordu gainean eraman behar izatea da. Eguneroko txako-zaparrada oso hunkigarria dela eta jendearen babesak aurrea jarraitzeko indarra ematen diela aitortu digu.

 

Zein da zure gaur egungo lan-egoera? (Non egiten duzu lan, zein da zure eginkizuna…).
Une honetan, duela egun batzuetatik hona,  Eibarko Ospitalean ari naiz lanean, COVID-19ak, koronabirusak, alegia,  kutsatutako gaixoentzat propio egokitutako plantan.

Asturiasekoa, Aviles herrikoa izanda, nolatan zaude Eibarko Ospitalean lanean?
Duela hilabete batzuk Eibarrera etorri nintzen bizi izatera arrazoi pentsonalengatik, eta Osakidetzan lan egiteko aukera izan nuen. Orain hilabete inguru berriz bueltatu nintzen Asturiasera han geratzeko asmotan. Hala ere, Euskadiko osasun-larrialdia dela eta, Osakidetzatik deitu didate lanera etortzeko, plantilla indartu beharra ikusten baitzuten. Beraz, lan kontuek ekarri naute Eibarrera; behar duen jendeari laguntzera etorri naiz..

Zer ari zaizu gogorrena egiten lan-jardunean?
Gogorrena da hainbeste ordu eraman behar izatea babes-jantzia soinean; izan ere, batetik,  buzoa, aho-maskara, betaurreko bereziak… ez dira erosoak, min handia ematen dute, eta jardunaren amaierarako igarri egiten da hori. Bestetik, isolamendu-gunean bero handia egiten du eta hainbeste tramankulurekin itogarria da, sekulako beroa pasatzen baita hainbeste orduren ondoren; bateko bata, besteko betaurrekoak, txanoa… aurpegian hazka egin nahi duzu eta ezin!  Niri dagokidanez, horixe da gogorrena. Gaixoei begira, berriz, isolamedua oso gogorra da: ezin dute etxekoekin edota ingurukoekin harremanik izan (birusa kutsakorra izan daitekeen bitartean, behintzat), eta egoera latza da bakarrik pasatzeko, aspertu egiten dira... Hori ikustea ere gogorra egiten ari zait.

Garrantzi handia ematen ari zaio zuen lanari, eta ez da gutxiagorako. Suposatzen dut zuek ere beldurra izan duzuela,  zuengatik, etxekoengatik, gertukoengatik… Nola sentitzen zara horrelako egoera baten aurrean?
Egia da jendearen beldurra sumatzen dela; baita kezka ere, familiarengatik, lagunengatik, ingurukoengatik… Era berean, nabaritzen da jendea gugatik, osasun arloko langileongatik, ere kezkatuta dagoela, eta interesa duela nola gauden jakiteko, batez ere, birusarekin kontaktu zuzena dugunean. Egia esan, asko eskertzen da jarrera hori. Eguneroko txalo-zaparradarena ere hunkigarria da! Niri dagokidanez, ez nago beldurtuta, guztiz  babestuta aritzen baikara, eta, uste dut errazagoa dela lanetik kanpo kutsatzea lanean bertan baino. Osakidetzak ezarritako protokoloak guztiz ziurrak dira, eta alde horretatik, oso pozik nago.

Pentsatzekoa da psikologikoki ere gogorra izango dela egoera honetan bizitzea. Nola egiten duzu eramangarriagoa izateko?
Dudarik gabe, egoera latza da, baina askoz arinagoa egiten da jakinda inguruko jendearen babesa duzula, beti kezkatuta zugatik eta zure osasunagatik. Nire kasuan, Eibarren bakarrik nagoen arren, ingurukoen babesa eta maitasuna pantaila bidez edo telefonoz jasotzen dut Asturiasetik. 22 urte baino ez ditudan arren, uste dut egoera gogor honetatik asko ikasiko dudala.

Esan eta esan ari dira oso beharrezkoa denean baino ez jotzeko ospitaleetara. Baina, hain egoera gogorraren aurrean, ez da erraza. Nola bizi duzue zuek jende kolapso hau inguruko ospitaleetan?
Gauza jakina da egoerak histeria kolektiboa sortu duela, baina, nire iritziz, osasun arlokook lasaiago gaude, gure kezka bestelakoa baita: ospitaleak gainezka egitea, planta betetzea, pertsonal falta egotea... Gu, gure aldetik, egoerari dagozkion prebentzio-neurriak oso zorrotz betetzen ari gara birusarekin harremanetan gauden bakoitzean: eskuak etengabe garbitu, babes-neurriak...

Zein aholku emango zenieke herritarrei egoera hau ahalik eta hoberen eramateko?
Eman nahi dutudan aholkuak Osasun Ministeritzak etengabe ematen dituen berberak dira: etxean geratu behar da, denbora betetzen saiatu jarduera atseginak eginez, desplazamenduak saihestu edota mugatu… Hori guzti hori berrogeialdiak irauten duen bitartean, horrela bakarrik lortuko baita hainbestetan aipatzen den “kurba” delakoa gelditzea. Nork bere harri-koskorra jarriz gero eta arduraz jokatuta, apurka-apurka aurre egingo diogu egoerari, beste herrialde batzuetan gertatzen ari den bezala.