Marina Paulavets, Belarusera begira

Marina Paulavets, Belarusera begira
2023/09/04 eta kitto!
Marina Paulavetsek 3.000 kilo-metrotara du burua, bere jaioterrian, Belarusen (“nahiago dut Belarus deitu Bielorrusia baino”, esan digu). Herrialdeak une historikoa bizi du. 1994az geroztik presidente den Aliaksandr Lukaxenka kargutik kentzeko protestak egiten dihardute bertan eta handik iristen diren berriek kezkatutzen dute Marina. “Milaka lagun sartu dituzte preso protestengatik, manifestazio baketsuak izan arren errepresio handia egon da, ez dago adierazpen askatasunik... Nik inoiz ez dut Lukaxenkaren aldeko botoa eman, bera ez da nire presidentea”, aldarrikatzen du.

 

Irla bat Europa erdian

Duen kokapenarengatik, Belarusek Errusia eta mendebaldeko Europa lotzen ditu. Horregatik, Sobietar Batasuna desegin eta 1991n estatu independente bezala bere bidea hasi zuenetik, potentzia handiek aldamenean eduki nahi izan dute. Belarus, ordea, irla bat izan da Europa erdian. Marinak prozesu guzti hori bizi izan du, Sobietar Batasunean jaio eta herrialde independentean hazi delako. “Sobietar Batasuneko beste herrialde ohi batzuekin alderatuz, guk ez genuen hain krisi ekonomiko larria izan”, Marinaren ustez. Azken urteotan, ordea, herrialdea atzean geratzen ari dela uste du, eboluziorik ez dagoela, eta COVID-19ak eragindako egoerak eta abuztuko hauteskundeak (“Lukaxenkak ez zituen irabazi, baina emaitzak manipulatu ditu”, Marinarentzat) urak gainezka egiteko falta ziren tantak izan dira.

 

Loreak eskolara

Eibartik sufrimenduz jarraitzen ditu Belaruseko berriak. Baina zer egiten du Marinak Eibarren? Orain dela hainbat urte Angel Gisasola eibartarra ezagutu zuen Belarusen. Harremana egin eta uda batean Eibar ezagutu zuen, “Sanjuanetaz maitemindu zen”, Angelen berbetan, eta bikotearen maitasun istorioak gaur egunera arte jarraitzen du. Maria da istorio horren fruitua, sei urteko alaba, errusiera eta euskara naturaltasun osoz erabiltzen dituen neska jatorra. Belarusen bizi izango balitz, irailaren 1ean Mariak, bere ikaskideek bezala, loreak eramango zituen eskolara irakasleei eskaintzeko, ikasturte hasierako ohiturak agintzen duen bezala. “Aurten, ordea, ezberdina izan da. Irakasle askok hauteskundeetako iruzurrean parte hartu dute eta guraso batzuek erabaki dute lorerik ez eskaintzea”, Marinak dioenez, “eta ikasle ohi batzuek bere tituluak eskolara bueltatu dituzte, protesta gisa”.

 

Irakasle eta polizia

Marinak ondo ezagutzen ditu eskola eta umeak. Minskeko unibertsitate pedagogikoan errusiar eta bielorrusiar filologia ikasketak egin ondoren, hainbat urtetan irakasle izan zen eta gero, prestakuntza gogorra jaso ondoren, polizia bezala egin zuen lan haurrekin zerikusia zuten gaietan. “Polizia izatea gogorra da, demaseko inplikazioa eskatzen du, ia ez duzu atsedenik”, aitortzen digu. Hori bai, 45 urterekin erretiroa ematen dizute. Marinak 7 urte daramatza hemen bizitzen, beraz, erretiratu baino lehen etorri zen, baina oso pozik dago hartutako erabakiarekin. “Han lanetik kanpo ez nuen bizitzarik. Noiz edo noiz afaltzera edo zerbait hartzera joateko jantzirik ere ez nuen!”, diosku.

 

Izaera bielorrusiarra

Filologoa izanik, erraztasuna du hizkuntzak ikasteko, baina Marina euskara edo gaztelera jakin barik etorri zen Eibarrera. “Eibarren bizi den errusiar batek lagundu zidan hizkuntza arlotik”, eta gaur egun bikain egiten du gazteleraz. Euskaraz ere badakizki berba batzuk. “’Apurtu’ berbaren esanahia ikasi dut Mariarekin”, dio barrez. Belarusen bielorrusieraz eta errusieraz egiten da, baina protestetan identitate bielorrusiarraren aldeko aldarrikapenak egiten dira. “Adibidez, herrialdearen gaur egungo ikurrina (berdea eta gorria) Lukaxenkak asmatu zuen, baina guk Bielorrusiako Herri Errepublikako banderaren alde egiten dugu, zuria-gorria-zuria”, dio Marinak. Argaz-kian duen kamiseta da izaera bielorrusiarraren aldarri bat, ‘y’ itxura duen letra hori bielorrusiar alfabetoan bakarrik aurkitu daitekeelako.