Markos Untzetak “Eguzki gorri bat” disko berria aurkeztuko du bihar

Markos Untzetak “Eguzki gorri bat” disko berria aurkeztuko du bihar
2018/05/21 eta kitto!
Blues, rock eta country generoak lantzen dituen Eibarko abeslariak bere bosgarren diskoa dakar besapean, bihar eguerdian Donostiako Alde Zaharreko liburutegian aurkeztuko duena. Hiruzpalau urteaz behin disko bat argitaratzeko ohitura gordez, Gaztelupeko Hotsak-en eskutik dator lan berri hau, oraingo honetan talde izaera indartuz, Esku Hutsik taldearen laguntzaz grabatu baitu disko berri hau. Markos Untzetarekin (ahotsa, gitarra elektrikoa eta ahosoinua) batera, Iñaki Belaustegi (bateria eta perkusioa), Angel Ituarte (baxua) eta Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa) dira Tio Pete estudioan grabatutako proiektu honetako partaide. Aurreneko aldiz taula gainera Londresen igo zen Eibarko musikariak Tom Petty, Neil Young edota Lucinda Williamsen oihartzunak jaso ditu “Eguzki gorri baten”, beti ere bere nortasunaren galbahetik pasatuta.