Mundua margotzen elkartasun koloreekin

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Mundua margotzen elkartasun koloreekin
ETA KITTO 2021, Urr 01

Munduari Kolorea Ematen Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) joan den asteburuan egin zuen bere lehen ekintza. Untzagan postua jarri zuten eta elikagaiak jaso zituzten bertan. Horrez gain, GKEko lagunak herriko kaleetan zehar ibili ziren dirua batzen eta tonbola ere egin zuten.

Munduari Kolorea Ematen osatzen duten gazteen ekimenak oso harrera ona izan zuen, eibartarren babesa jasoz. Barixaku arratsaldean, postua jarri eta ordu gutxira, arroza, lentejak eta beste hainbat elikagai-poltsa zituzten bilduta Untzagako postuan eta modu birtualean ere jaso zuten laguntza. “Hedabideetan gure ekimenaren berri eman genuenetik, jendeak elkartasuna adierazi digu”, esan digu Maitanek, Munduari Kolorea Ematen GKE martxan jarri zuen 11 urteko neskak. Izan ere, Bizum bitartez dirua jasotzeko kanpaina jarri zuten martxan eta berarekin berba egin genuen momentura arte 300 euro jaso zituzten. Hala ere, kanpainak martxan jarraitzen du oraindik eta ekarpenak 607771722 telefonora dirua bidalita egin daitezke (erreferentzia: MKE).

09242021Eta_kitto!0011

 

Injustiziei aurre egiten

Jasotako guztia, elikagaiak eta dirua, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari emango diote, laguntza eurek kudeatu dezaten. Eibarren bertan, egunero zerbait jan ahal izateko laguntza behar duten 500 lagun daude eta horietatik 38 haurrak dira, eta hain zuzen ere horrek jarri zuen martxan Maitane. “Injustiziek negarra eragiten didate”, diosku. Orduan, ekintzara pasatzeko ordua zela erabaki zuen. “Amak egunkariko artikulu bat erakutsi zidan, non ume batek GKE bat sortu zuen, eta pentsatu nuen: eta nik zergatik ez?”, diosku.

Esan eta egin. Eskolako lagunei bere asmoen berri eman zien eta egitasmora batu ziren. Orduan, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin harremanetan jarri eta Bergaran duten egoitza bisitatu zuten, euren jardunaren berri izateko.

Gazteek munduari kolorea eta elkartasuna ematen jarraituko dute, aurrera begira zenbait ekintza egiteko asmoa dutelako. “Neguan, adibidez, erropa jasotzeko kanpaina egin dezakegula pentsatu dugu”, aurreratu digu Maitanek.

09242021Eta_kitto!0002 09242021Eta_kitto!0021 09242021Eta_kitto!0018 09242021Eta_kitto!0008

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »