Nagusien XXIV. Hamabostaldia hasiko da bihar

Nagusien XXIV. Hamabostaldia hasiko da bihar
2017/04/20 eta kitto!
Pertsona Nagusien XXIV. Hamabostaldia inauguratuko da bihar 11:0etan Udaletxean ‘Pertsona nagusiak bizitza gozatzen eta beti martxan’ lelopean. Hasiera ekitaldiaren ostean Untzagako Abesbatzak ikuskizuna eskainiko du eta piskolabisa egongo da ondoren. Gero, nagusiei zuzendutako ekintzaz betetako hamabost egun etorriko dira.

Jaione Yeregi elikadura eta dietetika teknikariak ‘Pertsona nagusientzako elikadura orekatua eta egokia’ ikastaroa eskainiko du Untzaga (apirilaren 24ean 18:00etan), Ipurua (26an 17:00etan) eta Beheko-Tokia(maiatzaren 4ean 17:30etan) jubilatu-etxeetan.

Apirilaren 25ean txangoa egingo da Orduñara hango hirigune historikoa ezagutu eta Andra Mariaren Santutegia bisitatzeko. Bihar amaituko da izen-ematea jubilau-etxeetan eta prezioa 27 eurokoa da.

Hurrengo egunean, hilaren 26an, kontzentrazioa egingo da Untzagan 19:00etan pentsioen ahalmen ekonomikoa mantentzearen alde. Miguel De los Toyos alkateak ekimen hau goraipatu du, “jasandako mozketak handiak izan dira eta bistaratu egin behar dira”, bere iritziz. “Pentsiodunen bizi-kalitatea erreibindikatzea oinarrizkoa da”.

Hilaren 27an, bestetik, Jose Luis Mugerzaren oroimenez ibilaldia egingo da Deban. Irteera Ardantzako tren geltokitik egingo da 9:11etan eta Estaziñotik 9:14etan. Izen-ematea 25ean amaituko da eta 5 euro ordaindu beharko dira.

Maiatzaren 2an toka- eta igeltoka-txapelketak, eta mahai-jokoen txapelketak jokatuko dira Ipurua jubilatu etxian 12:00etan eta 17.00etan, hurrenez hurren. Aldez aurretik jubilatu-etxe bakoitzean txapelketa hauetako sailkatze faseak jokatu dira, beraz, fase finala biziko da Ipuruan.

Egun berean, San Andres egoitzak txokolate-jana eta kantuak jasoko ditu 16:00etan.

Hamabostaldiari amaiera emateko, maiatzaren 4ian hainbat ekitaldi antolatu dituzte Arraten. Felix Elkoroiribe Biztuko presidentearen berbetan, “beste txangoetara joan ahal ez direnentzat etxetik hurbil irteera bat egiteko aukera eskaintzeko antolatu dugu horrela”. Lehendabizi meza egingo da 12:30etan 4 jubilatu-etxeetako eta Biztuko hildakoen alde, eta gero bazkariaz gozatuko dute Kantabria jatetxean. Irteera 11:30etan egingo da Egogain eta Bidebarrietan, eta izen-ematea maiatzaren 3an amaituko da. Ekimen honetan parte hartzeko 12 euro ordaindu biharko dira.