NAN eta pasaportea tramitatzeko bulegoa urtarrilaren 11n zabalduko dute

NAN eta pasaportea tramitatzeko bulegoa urtarrilaren 11n zabalduko dute
2017/12/14 15:09
eta kitto!
Luzaroan zain egon eta gero, azkenean gaur baieztatu dute Nortasun Agiri Nazionala eta pasaportea egin eta berritzeko bulegoa zabalduko dutela Eibarren. Urtarrilaren 11n zabalduko ditu ateak, udaletxe barruan zerbitzu hori emateko egokituko duten bulegoan. Herrian pozarren hartu da albistea, eibartar asko bulegoa noiz zabalduko zuten zain zeuden eta. NANaren eta Pasaportearen bulegoa Eibarren zabaltzeak abantaila ugari ekarriko dizkie herritarrei: aurrerantzean agiriak egin edo berritzeko aukera herrian bertan izateaz gain, aurretiko hitzordua eskatzeko orduan itxaron-aldia nabarmen laburtuko da, besteak beste. Bulegoa zabaldu aurretik, urtarrilaren 8tik aurrera izango da aldez aurreko hitzordua eskatzeko aukera, 060 telefono zenbakira deituta edo internet bidez, www.citapreviadnie.es helbidean. Agiri bien inguruko informazio guztia, bestalde,  www.interior.gob.es/web/servicios-al-ciudadano/dni helbidean eskuratu daiteke. Bulegoan jendeari harrera egiteko ordutegia astelehenetik barixakura bitartean, 08:00etatik 14:00etara izango da.