“Niretzat oso pozgarria eta gogobetegarria da horrelako lorpen bat” Pablo Valle

“Niretzat oso pozgarria eta gogobetegarria da horrelako lorpen bat” Pablo Valle
2021/04/09 eta kitto!
Ingeniaritza Informatikoa Graduko 3.maila ikasten dihardu Pablo Valle eibartarrak Mondragon Unibertsitatean. Duela urtebete baino gehiago hasi zen ikaslea lana eta ikasketak uztartzen, eta, egun, Mondragon Unibertsitateko ikerketa-talde batean dago murgilduta zenbait proiekturi laguntza ematen. Azken hilabeteetan ibilgailu autonomoei buruzko proiektua landu ostean, bere izenean sinatutako ikerketa-artikulua Nazioarteko Konferentzia batean onartu eta argitaratu berri dute.

Nola bururatu zitzaizun ikerketa-artikulua argitaratzea?

Ikerketa-lan ona egitea lortu nuen, eta hasiera batean nire lana esperantza handirik gabe aurkeztu nuen arren, lehiaketako epaimahaikideek proiektua onartzea ez ezik, argitaratzea ere erabaki zuten.

Zer da ikerketa-artikulua? Zein da zure lanaren funtsa?

Ikerketaren helburua ezagutza berriak lortzea da, besteak beste. Nire kasuan, sistema bat hobetzea izan da helburu nagusia eta horretarako frogak eta saiakera ezberdinak egin behar izan ditut, ondo egindakoak eta hutsegiteak diagnostikatzeko. “Ibilgailu autonomoen proba metamorfikoak: Simulinki buruzko kasu-azterketa” izenburuarekin aurkeztu dut nire proiektua, eta honela laburtzen dut edukia:Ibilgailu autonomoek irauli egingo dute pertsonok autoan bidaiatzeko dugun modua. Hala ere, ibilgailu autonomoak ezartzeko, proba-teknika eraginkorrak behar dira. Ibilgailu autonomo baten gidatze-kalitatea, ezinbestean, kontuan hartu behar da sistema horiek probatzean. Hala ere, beste sistema konplexu batzuetan bezala, ibilgailu autonomo bateko gidatze-kalitatean egindako proba baten emaitza zehaztea oso konplexua izan daiteke. Arazo hori konpontzeko, nire artikuluan zerbitzuaren kalitateaz jabetzen diren proba metamorfikoen aplikazioa aztertzen dugu, MATLAB/Simulinken modelatutako ibilgailu autonomoak probatzeko, merkatuan nagusi den modelatze-tresnetako bat baita. Lehenik eta behin, ibilgailu autonomo aplikatutako QoS neurri batzuk definitu ditut, duela gutxiko azterlan bat sarreratzat hartuta. Haiekin harreman metamorfikoak definitzen ditut. Azkenik, ikuspegia ebaluatzen dut Simulinken modelatutako ibilgailu autonomo batean, mutazio-probak erabiliz.

Noiz emango duzu konferentzia? Zein modutan?

Maiatzean emango dut konferentzia modu telematikoan, online. Nazioartekoa denez, ingelesez egin beharko dut nire gaiaren aurkezpena edo defentsa. Informatika mailan dagoen konferentzia handienetarikoa da hau.

Zer sentitzen da 20 urterekin Nazioarteko lehiaketa batean zure lana argitaratzean?

Normalean horrelako ekimen batean parte hartzen dutenak doktoretza egiten dauden ikasleak izan ohi dira, eta ez nire adinekoak. Aitortu beharra dut hasiera batean beldurra ere eman zidala egoerak, oso erantzukizun handia da niretzako eta. Nire proiektua aurkeztu eta gero jendeak galderak egiten badizkit, ez naiz gaian aditua eta ez dakit ondo erantzuteko gai izango naizen. Baina, oso gogobetegarria eta pozgarria ere bada horrelako lorpen bat; egindako lanak bere fruituak ematen baititu.

Etorkizunera begira, zein da zure asmoa ikasketak amaitzean?

Datorren ikasturtean, 2021- 2022an Gradu Bukaerako Lana (GBL) egitea tokatzen zait, eta proiektu horretan ere argitaratzeko moduko artikulua egitea gustatuko litzaidake, hori da, behintzat, nire asmoa. Behin gradua amaituta, masterra eta doktoretza egitea gustatuko litzaidake eta ikerketa-munduan sakondu ahal izateko eta informatikako komunitateari nire ekarpena egiteko. Unibertsitatean bertan irakasle izatea ere bada nire helburua, nire jakinduria etorkizuneko ikasleei helarazi ahal izateko.