Norbanakoek sortzen duten hondakin kopurua gutxitzeko sentsibilizazio kanpaina

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Norbanakoek sortzen duten hondakin kopurua gutxitzeko sentsibilizazio kanpaina
ETA KITTO 2021, Aza 22

Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin bat eginez, hondakinen sorrera gutxitzeko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute gaur goizean, Mutrikun. Debabarreneko Mankomunitatearen eskutik, egunotan, Debabarreneko herri guztietara joango dira zuzeneko informazioa emateko. Datu bat: 2021ean, pertsonako tona erdi hondakin sortu zen Debabarrenean, guztira ia 32.000 tona hondakin.

Nahiz eta hondakinen gaikako bilketa eta birziklatzea geroz eta handiagoa izan, 2016tik honako datuen arabera, pertsona bakoitzak sortzen duen hondakin kopurua handituz doa. Horregatik erabaki du mankomunitateak hondakinen sorrera gutxitzea helburu duen sentsibilizazio kanpaina egitea.

 

Norbanakoen inplikazioa, “ezinbestekoa”

Gaur goizean, astelehena, aurkeztu dute kanpaina Mutrikun. Bertan izan dira Mankomunitateko presidente Iosu Arraiz, Mankomunitateko Ingurumen teknikari Igor Aldalur, Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela eta konpostajean aditua den Vermican enpresako Adur Campo.

Mankomunitateko presidente Arraizek azpimarratu duenez, “tokian tokiko administrazioek erregulatu behar dituzte sortutako hondakin kopurua murrizteko neurriak, baina gutako bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da, norberak keinu txikiak egin ditzakeelako egunerokotasunean bere ingurumen aztarna murrizteko eta hondakin gutxiago sortzeko”.

Datuak ere eman dituzte. 2020an, guztira, 31.193 tona hondakin sortu ziren Debabarrenean, biztanleko tona erdi.

Zentzu horretan, Mutrikuko alkate Palenzuelak azpimarratu du kopurua “kezkagarria” dela. “Kopuru horren arrazoiak asko izan daitezke eta kate luze baten emaitza ere bada. Kate horretan hainbat pauso daude, fabrikazioa, banaketa… Baina herritarroi dagokiguna da etxean sortzen duguna murriztea. Garrantzitsua da guztiok hartu behar dugula arduraren gure zatia eta herritarrok ere asko egin dezakegu hondakinen tratamendu horretan (…)  Etxean gauzak ondo egiteak ez dakit kopurua txikitzen lagunduko digun, baina kopuru handi hori modu egokian kudeatzen lagunduko liguke. Alde horretatik, gonbita egin nahi diet herritarrei hondakinak kariñoz tratatzeko eta behar den moduan bideratzeko”.

 

Plazak bete zabor

Igor Aldalur Ingurumen teknikariak, berriz,esplikatu du sentsibilizazio kanpainaren baitan, Debabarreneko zortzi herriak bisitatuko dituztela Hondakinen Prebentziorako Europako Astea den honetan. Gaur, Mutrikun eta Deban izan dira; bihar Mallabian eta Mendaron; eguaztenean, azoka txikiaren bueltan Eibarren; eguenean, Soraluzen -baita ere azoka txikiaren bueltan- eta Elgoibarren eta barikuan, Ermuan.

Tokian tokiko bisitetan, besteak beste, esku-orri informatiboak banatuko dizkiete herritarrei norbanakook sortzen dugun hondakin kopuruari buruzko datuekin. Adibidez, eskualdeko herrietako plazak zaborrez bete dituzte esku-orri horietan, irudikatzeko eskualdean sortzen den zabor kopuruarekin herriko plaza bi aldiz bete daitekeela.

Era berean, esku-orri horietan, hondakin gutxiago sortzeko zazpi ekintza proposatzen dituzte:

– Erabilera bakarreko materiala saihestea
– Plastikoan ontziratutako eta gain-bildutako elikagaiak ekiditea
– Bigarren eskuko dendak erabiltzea
– Materialak konpondu eta berrerabiltzea
– Telazko poltsak erabiltzea
– Hondakinak egoki birziklatzea
– Bertan ekoiztutako elikagaiak erostea -0km-

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »