Odei Jainagak zilarrezko domina lortu du 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan

Odei Jainagak zilarrezko domina lortu du 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan
2019/07/01 eta kitto!
Odei Jainaga bueltan da. Xabalina jaurtitzaile eibartarrak ukondoko arazoak albo batera utzi ditu momentuz eta lehiara itzuli da. Aurten ia txapelketarik jokatu ez badu ere, bigarren postua lortu zuen asteburuan Tarragonan jokatu zen 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Atleta eibartarrak 74,65 metroko marka lortu zuen, baina Manu Quijera nafarrak 78,01 metrora bidali zuen xabalina eta zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zen. Quijerak 81,31 metroko marka lortu zuen maiatzean, Jainagaren (80,64 metro)esku zegoen  Espainiako errekorra hautsiz.

Ukondoak “kili-kolo jarraitzen duela adierazi zuen atzo Odei Jainagak Euskadi Irratian, “gaizki dagoela ez esatearren”. Hala ere, Tarragonan emaitza positiboa eskuratu zuela aipatu zuen, asko gozatu zuelako hainbeste denboraren ondoren lehiara bueltatuz. “Atleta sentitu nintzen berriz”.

Ukondoko arazoak sendatzeko “mediku oso on bat” bisitatuko du gaur Jainagak eta, azterketak egin ondoren, berriz ere kirofanotik pasa behar den erabakiko dulotailu ebakuntza egiteko”. Izan ere, ukondoko lotailua hautsita ez badu ere, ez du behar den funtzioa egiten. Egitekotan, ez da iaz egin zioten ebakuntza bera izango, “aurrekoan ukondoan garbiketa egin zidatelako”.