Osasun publikoaren aldeko manifestazioa deitu dute zapatu eguerdirako

Osasun publikoaren aldeko manifestazioa deitu dute zapatu eguerdirako
2023/05/02 eta kitto!
Eibarko Pentsionista Taldeak, Ernaik, Matrakak eta Naluak deituta, zapatuan (maiatzak 6) osasun publikoaren aldeko manifestazioa egingo da, 12:00etan Untzagatik abiatuta. Gaur arratsaldean Arrate Kultur Elkartean egin duten agerraldian esan dutenez, “martxoaren 23an, Eibarko hainbat kaletatik manifestazioa burutu genuen, Osasungintza Publikoaren aldeko aldarriak eginez. Amaieran, anbulatorio aurrean irakurri genuen adierazpenean azaldu genuen bezala, azken urteotan ikusten eta nozitzen ari gara Osakidetza nola ari diren eraisten, eta horren aurrean ezin gaitezke ezer egin gabe geratu”. Martxoko mobilizazio hartan salatu zutenez, espezialista batzurekin hitzordua hartzeko hilabeteak zain egon behar zen, eta gaur esan dutenez, egoerak okerrera egin du, “Eibarko digestiboko kontsulta itxi dutelako eta aurrerantzean Mendarora joan beharko delako eta, gainera, hemendik aurrera bi oftalmologo gutxiago egongo direlako. Horrez gain, prentsan irakurri dugu, Madrilek Komunitateei plan bat aurkeztu diela, bi mailako Osasungintza zerbitzua abian jartzeko: kontratupean dauden langileei  arreta mutuek (pribatuak) egingo die, eta merkatutik kanpo dauden pertsonei osasungintza publikoak. Osasungintza publikoa indartu beharrean, dirutza publikoa esku pribatuetara. Eta pasa den astean entzun eta ikusi egin ditugu Iñigo Urkulu eta Gotzone Sagardui esanez, ez dela egia Osakidetzan murrizketak daudenik, ez dela egia hainbat zerbitzu pribatizatu egin dituztenik, ez dela egia Osakidetzako langileen lan baldintzak eskasak direnik… Eta, gainera, adierazi dute Osakidetzan arreta zerbitzu diferitua martxan jarriko dutela, hau da gaur eskatu, eta ez dakigu noiz arreta jaso”.

Aipatutako guzti horregatik, Eibarko herritarrei dei egiten diete maiatzaren 6an, eguerdiko 12:00etan Untzagatik abiatuko den manifestaziora batzera, “Osasungintza publikoa defendatzera, pribatizazioak salatzera. Manifestazioaren amaieran, egoera hau guztia salatuko duen eta erantzunak eskatuko dituen idazkia  anbulatorioko arduradunei eskura emango diegu, eurek Gotzone Sagardui Osasungintzako Sailburuauri helarazi diezaioten”.