Ostiralean hasiko dira hezkuntza zentro publikoetako langileak txertoa jasotzen

Ostiralean hasiko dira hezkuntza zentro publikoetako langileak txertoa jasotzen
2021/02/25 eta kitto!
Osakidetza ostiral arratsaldean hasiko da hezkuntza publikoko 55 urtetik beherako langileei txertoa jartzen, bai irakasleei eta baita irakasleak ez direnei ere. Borondatezkoa izango da txertoa jasotzea.

Musukorik erabiltzen ez duten ikasleekin harremanetan dauden langileak izango dira txertoa jasoko dutenak: Haur Hezkuntzakoak, Heziketa Berezikoak, ikasgela egonkorretakoak edo jangeletako begiraleak.

Ondoren itunpeko eskoletako, zentro pribatuetako eta 0-3 etapa lantzen duten langileek jasoko dute txertoa (12.000k, guztira), Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak LSB Hezkuntza Federazioari lan-arriskuei buruzko batzar batean jakinarazi dionez.

Sindikatuak ohar batean azaldu du zentroek dagoeneko prest dutela egoera horretan dauden langileen zerrenda, eta txertoa jasotzeko hitzordura deituko dituztela. Bi ordutegitan banatuko dute txertoa, Mutualian: 08:00etatik 08:30etara, eta 16:30etik aurrera.

Sindikatuarentzat "zentzugabekeria" bat da 55 urtetik gorako langileek une honetan "txertorik ez jasotzea, nahiz eta musukorik erabiltzen ez duten ikasleekin egon".