Pedro Laskurain: “Esperientziak gauzak lasaitasunez aurrera eramaten laguntzen dit eta ilusioz ekin diot bide honi”

Pedro Laskurain: “Esperientziak gauzak lasaitasunez aurrera eramaten laguntzen dit eta ilusioz ekin diot bide honi”
2023/05/15 eta kitto!
Joan den udazkenean Xabier Zubizarretak bere kargua laga ondoren, Pedro Laskurain izendatu zuten San Andres elizako parroko. Eibarren jaio eta Soraluzen hazi zen apaizak Nafarroa eta Gipuzkoa inguruan egin du ibilbidea, eta orain, bataioa jaso zuen toki berean da parroko.

Laskurainek ondo hasi du bidea, baina oztopo batzuk aurkitu ditu bidean. Harrikoskorrak hain zuzen ere. Teilatutik harri bat erori zen berrizten zenbiltzan organoaren gainera eta, elizaren egoera ikusita, bertan egiten diren ospakizunak bertan behera laga dituzte momentuz.

 

Nolakoa izan dira lehen hilabete hauek San Andres elizako parroko moduan?

Pozgarriak. Azken bi urteetan Zumaian egon nintzen eta eibartar asko gerturatzen da bertara, udan batez ere, eta pozgarria zen han eibartarrak ikustea, eibartar sentitzen naizelako asko. Orain, Eibarrera etortzea tokatu zait eta ni pozik. Toki ezaguna da eta etxean bezala sentitzen naiz. Jendearen harrera ona izan da gainera.

Jaioterrian parroko izatea proposatu zizutenean, zer sentitu zenuen?

Ilusio handia hartu nuen. Niretzat Eibar etxea da, eibartar asko ezagutzen ditut eta, gainera, San Andres nire parrokia da. Hau da, Eibarko amaetxean jaio nintzen eta gurasoek parrokia horretan bataiatzea nahi izan zuten. Beraz, ‘apaiz piloia’ naiz. Bataioa jaso zuen tokian parrokoa denari esaten zaio ‘apaiz piloia’. Horrela, jasotako fedearengatik esker ona emateko aukera daukat.

Zirkulua ixten duzu horrela?

Moduren batean bai. Denok ezagutzen dugu Don Antonio Beitia, bizi guztian hemen egon eta jubilatu zen apaiza. Ez dakit noiz arte egongo naizen hemen eta egia da gaur egun, apaiz gutxi gaudenez, asko mugitzen garela toki batetik bestera, baina gutxienez sei urtez egongo naiz eta ikusi beharko da gero.

Nolako bidea egin duzu Eibarrera itzuli arte?

Soraluzen bizi izan naiz jaio nintzenetik. Baserrian bizi ginen, baina amak denda zuen eta bizitza kalean egiten genuen. Soraluzeko ikastolan eta Bergarako institutuan ibili nintzen, eta Eibarko Unibertsitatean ingeniaritza ikasi nuen urtebetez. Laga egin nuen lanean nenbilelako eta, ondoren, Armeria Eskolan delineazioa ikasi nuen. 23 urterekin seminariora joan nintzen. Lehendabizi Toledora, eta gero Iruñara. 2000. urtean apaiztu nintzen eta apaiz naiz harrezkero. 11 urte egin nituen Nafarroan (Beran, Zugarramurdin, Urdazubin, Olaztin eta Lesakan) eta oso jende ona eta jatorra aurkitu nuen. Oroitzapen onak ditut. 2011n, Gipuzkoara etorri nintzen, Zumarragara. Ezaguna nuen eta oso gustora egon nintzen bederatzi urtez. Gero, Zumaiara joan nintzen. Kostaldea ez nuen asko ezagutzen eta Zumaia oso herri polita da, jende jatorrarekin.

Zein asmorekin etorri zara Eibarrera? Zeintzuk dira zure helburuak?

Apaiz bezala ilusioz lan egitea arlo guztietan: umeekin, gazteekin, familiekin eta jende guztiarekin. Elizbarrutia egiten ari dena jarraitzea da gure lana. 22 urte daramatzat apaiz bezala eta egia da orain ez zaudela hasierako pretentsio berekin. Hasieran asmo handiak dituzu eta gero, lurra hartzen duzunean, errealitatea nolakoa den konturatzen zara eta gauzak gehiago zehazten dituzu. Esperientziak gauzak lasaitasunez aurrera eramaten laguntzen dit eta ilusioz ekin diot bide honi. Gauza asko daude egiteko eta urte hauetan ikasitakoa ekarriko dut. Nire apaiz lekukotza eman eta jendearengandik hurbil egotea nahi dut. Hori bai, batzuetan asmo batzuk dituzu eta beste batzuk irteten dira. Harri bat jausten da eta plan guztia hankaz gora geratzen da. Baina tira, parrokiako bizitzak aurrera jarraitzen du.

Antonio Beitiak eta Xabier Zubizarretak itzala utzi zuten parrokiako bizitzan. Eurekin egoteko aukera izan duzu? Euren bidea jarraitzea nahiko zenuke?

Xabierrek urte asko egin ditu hemen eta legatua laga du. Etorri aurretik berarekin egon nintzen eta aurretik ere ezagutzen nuen. Berak hasitakoarekin jarraitzeko eta gehitzeko gogoz nago. Antonio Beitia, ostera, aspalditik ezagutzen dut. Apaiztu nintzenean, lehenengo meza San Andres parrokian eman nuen, eta Beitiak harrera egin ninduen maitasun osoz. Aspaldi jubilatu zen eta orain Ermuan dago, eta askotan joaten naiz berarengana.

Orain dela hilabete batzuk teilatutik harri bat erori zen organoaren gainera. Nola gertatu zen?

Irailean etorri nintzen eta Xabierrek esan zidan organoa konpontzen ari zirela. Gabonetarako organoa berriztuta egotea zen ideia, baina pandemia dela-eta data apiril ingurura atzeratu zen. Azaroan, Gipuzkoako Foru Aldundiak erretaula konpontzeko eta garbitzeko dirua emango zuela esan zigun eta aprobetxatu egin genuen. Lanak abenduaren erdialdean amaitu zituzten eta poz-pozik geunden, organoaren konponketa ere amaitzear zegoelako, eta bat-batean, urtarrileko gau batean, koruko bobedako nerbio batetako 50 kiloko harri bat organoaren gainera erori zen. Hurrengo egunean arkitektoak etorri ziren eta bobedetan arazoak zeudela ikusi zuten. Harria bere tokian jarri zuten, baina Aitor Zubia arkitektuari elizako teilatuen egurrezko egituraren estudioa egiteko eskatu zitzaion. Estudioak egitura oso gaizki zegoela ondorioztatu zuen eta ezin zuen ziurtatu arriskurik ez zela egongo. Beraz, bere iritziz, eliza itxi egin beharko litzateke ospakizunetarako. Gainera, elizako egurrezko egiturari behin betiko konponbidea eman behar zitzaiola ondorioztatu zuen. Hau da, berria egin, eta horrek denbora asko eskatzen du. Diru asko da eta finantzazioa lortu behar da, baina orain gabiltza proiektua zehazten eta kontuak egiten.

Organoan egiten ziharduten lanak bertan behera geratuko dira?

Bai, lanak eten egin beharko dituzte. Harria hor erori zen eta organogileek bertan egiten dute lan. Beraz, lan hori laga behar izan genuen lehendabizi, segurtasun kontuengatik. Lanekin jarraitu ahal izango balitz ere, ez luke zentzurik izango organoa konpontzea teilatua egin aurretik, gero hautsak eta bestelakoak sortzen baitira. Beraz, lehenik eta behin teilatua konpondu behar da eta gero organoa. Hori ez da arazo nagusiena, teilatua baizik.

Orain nola moldatuko zarete elizako ospakizunetarako? Izan ere, orain jaunartzeen eta ezkontzen sasoia da, ohiko mezez gain.

Sasoi berezia tokatu zaigu, egia esan. Tenplua zeharo itxita dago orain, ez dugu ezer egiten hemen. Parrokiako lokaletan, ostera, ez dago arazorik eta katekesiarekin eta bilerekin jarraitzen dugu. Astegunetako meza, 19:30ekoa, San Agustinera eraman dugu, baina hiletak ezin dira han egin. Astero 3-4 hileta egon ohi dira eta askok San Andresen egin nahi izaten dute (urtean zehar 160-170 hileta egiten dira). Eliza guztia behar izaten da horretarako, bete egiten delako, eta orain herriko beste elizetan banatu ditugu: San Piora edo Karmengo elizara. Ni Karmengo elizako parrokoa naiz baita ere eta pentsatzen dut ospakizun handiak hara eramango ditugula. Datorren larunbatean jaunartzeak tokatzen zaizkigu eta Karmengo elizan egingo ditugu. Hori bai, bi ospakizun egin beharko ditugu. Izan ere, 48 ume dira eta bi taldetan banatu behar izan ditugu. Gero, asmoa da astegunetako mezetarako San Andres elizako koroaren azpian tokia prestatzea.