Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen auzia dela eta, asanblada irekia egingo da bihar Kultun

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen auzia dela eta, asanblada irekia egingo da bihar Kultun
2023/04/26 08:56
eta kitto!
Aitor Zelaia amurrioarraren eta Galder Barbado gasteiztarraren auzia Auzitegi Gorenera iritsi da. Gaur bertan bilduko da Auzitegi Gorena, helegiteak aztertzeko eta, zigorra berretsiz gero, bi gazteak gaurtik aurrera atxilotu eta espetxeratu ditzakete. Horre aurrean, Eibarko Ernaik asanblada irekia deitu du biharko, Arrate Kultur Elkartean (taberna gaineko lokalean), 19:00etan. Diotenez, “gazteok absoluzioa ez den beste epairik ez dute onartuko” eta horregatik antolatu dute biharko asanblada, egoeraren berri eman eta datozen mobilizazioak jakinarazteko.

2021eko otsailaren 2an, Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei, "armak eta munizioak" gorde izana egotzita. Ankerkeria Stop Galder eta Aitorrekiko elkartasun plataformak, “probak ez direla erabatekoak” eta prozesu horretan “bi gazte jazarri eta kriminalizatu nahi direla, beraien militantzia politikoagatik” dio.