Askatasun sindikalaren aurkako erasoa salatzeko mobilizazio gehiago iragarri ditu CNT sindikatuak

Askatasun sindikalaren aurkako erasoa salatzeko mobilizazio gehiago iragarri ditu CNT sindikatuak
2022/11/10 eta kitto!
CNT sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin zen barixakuan,  askatasun sindikalaren aurkako erasoa salatzeko. Diotenez, “Xixonen sei lankide zigortu dituzte 3 urte eta erdiko espetxe-zigorra betetzera eta 150.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera. La Suiza kasua ez da gertakari isolatu bat, protesta sozialen judizializazioaren eta sindikalismoaren aurkako errepresioaren ondorioz gertatutako enegarren kapitulua baizik. Hala ere, Xixongo 6ak kartzelan sartzea jauzi kualitatibo handia da, ez baitituzte zigortu indarkeria-kasu batekin lotutako delituren bat egiteagatik, baizik eta soilik Gobernuaren Ordezkaritzari jakinarazitako elkartasun-elkarretaratzeetan modu baketsuan parte hartzeagatik eta enpresarekin negoziatzen saiatzeagatik”.

Ohartarazi dutenez, aurrekari honek edozein ekintza sindikal askatasunez jarduteko orduan eragina izan dezake: “Kasuak zuzenean eragiten die CNTko 6 militanteri, baina aurrekari honek, eragina izan dezake beste edozein erakundek ekintza sindikala askatasunez jarduteko orduan. La Suiza-ren sententziak bere antolakuntza eta geografia-eremutik haratago jotzen du, eta antolakuntza sindikala, berriz, langile-klasearen defentsa solidariorako tresna gisa baliogabe uzten du”.

CNT sindikatuak salatzen duen kasuari buruzko informazio guztia HEMEN irakur daiteke.

Gauzak horrela eta errekurso legal guztiak agortuta, herritarrengana jo dute babes bila eta, aurreko astean Durangon eta Eibarren egindako mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Horrekin batera,erakunde eta talde ezberdinengana jo dute, BABES-ADIERAZPEN HONEKIN bat egitera gonbidatuz.

Era berean, azaroaren 19an, larunbata, EAEko hainbat tokitan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak.

Bilbo: Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean (12:00).


Donostia: Justizia Jauregiaren aurrean (12:00).


Gasteiz: Andre Mari Zuriaren enparantzan (12:00).