“Aurrekontuaren zirriborroak ez dizkio Eibarko erronka sozial eta ekonomikoei erantzuten”

“Aurrekontuaren zirriborroak ez dizkio Eibarko erronka sozial eta ekonomikoei erantzuten”
2017/12/14 eta kitto!
EH Bilduk gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, “PSE-ren 2018 aurrekontu zirriborroa errepikakorra eta ausardiarik gabekoa da”. Alderdiaren ustez begi bistakoa da PSE-ren “noraeza” eta aurrekontuaren zirriborroak herriak dituen erronkei irtenbiderik ematen ez diela azpimarratu du.

Aurrekontua aberasteko gainontzeko ekarpenen zain dago PSE EH Bilduren iritziz, “inongo berrikuntza ausartik gabe”. Zentzu horretan deigarria egin zaie “planteatzen diren inbertsioetatik garrantzitsuenetako bat Unbeko belarra aldatzea izatea”.

Aurrekontuen zirriborroaren hainbat puntu kritikatu ditu EH Bilduk. Batetik, sail gehienetan gastuaren eustea planteatzen den bitartean, “kargu politikoen dieta, liberazio eta soldaten partidan kontentzio edo jaisterik ez ematea”, salatu du. “Are gehiago, protokolo eta propaganda gastuek gora egingo dute, PSEk komunikatiboki blindatuta jarraitu nahi duelako”, euren ustez.

Eskailera mekanikoen aroa amaitu dela dio EH Bilduk. Herritarren eta auzoen irisgarritasuna bermatzea garrantzitsua dela uste du, “baina Irisgarritasun Plan batetan oinarrituta egon behar dira aktuazioak”. Prentsaurrekoan adierazi duenez, eskaileren mantenuak 425.000 euro inguru suposatzen du urtean, “eta igogailuena ez da 20.000 eurora heltzen. Gainera, azken hauek askoz hobeto bermatzen dute irisgarritasuna eta segurtasuna”. Jardineta kaleko 29, 31, 33 eta 35 zenbakietan, San Kristobalen (Potosiotik), eta Tiburzio Anitua kaletik Karlos Elgezua kalera igogailuak jartzeko proposamena egingo du EH Bilduk.

Errebaleko afera “akats historikoa izan zen bere garaian” EH Bilduren ustetan, eta baserritarren merkatua Rialton mantentzeko alokairua “zama bat” dela deritzo. Hamar urtetan 500.000 euro “xahutu” dira alokairuan eta baserritarrei alternatiba bat eman behar zaiela uste du alderdiak.

Enplegu eta Garapen Ekonomiko sailaren lidertza falta ere kritikatu du EH Bilduk. Sail horretan hiru langileren falta ere premiazkoa dela adierazi du alderdiak. “Inongo irizpide teknikorik gabe” ekintza puntual asko egiten direla dio, “baina inbertsioek ez dute langabezia-tasan eta Eibarko lan egoeran eraginik izan”. Zentzu horretan, Debegesarekin duen zalantza ere adierazi du EH Bilduk. “Udalak 224.000 euro emango dizkio inongo eskakizunik gabe eta, Eibarrek Gipuzkoako langabezia-tasa handiena jasaten duen bitartean, Debegesa turismoari begira dago. Hori da beraien irtenbidea?”, dio alderdiak.

Euskal Bizikletaren etapa jasotzeko 121.000 euroak “beste behar askotarako” bideratu ahal direla adierazi du EH Bilduk; eta hilerria hobetzeko obrak egin beharrean, espazioa txikitu eta Urkin aisialdirako arnas gunea sortzea proposatu du. Gainera, 2016 eta 2017an Gizarte Zerbitzuetan erabiltzeko Aldundiak emandako partiden osotasuna erabili gabe dagoela adierazi du alderdiak, “zeren zain dago PSE?”.

Euren kalkuluen arabera, EH Bilduk aurrekontuetan duen influentzia 1.600.000 euro baino gehiagokoa da. “Gainera, gure emendakin gehienak geratzeko egiten ditugu, denboran jarraipena izateko, eta lanpostu berriak sortzea lortu dugu”.

Udaleko “bigarren indarra” izanik, 2017ko aurrekontuaren eztabaidan aurrekontu alternatiboa egiteko eskaintza egin zien EH Bilduk EAJ eta Irabaziri. “Irabazik berehala eman zigun baiezkoa, baina EAJk uko egin zion eskaintzari eta ez ditugu arrazoiak ulertzen”. EH Bilduk adierazi duenez, “PSE eta EAJk itun bat dute, eta EAJ PSEren aurrekontuen onarpenak erraztera konprometituta dago. Udaletik kanpo dagoen akordioa da, baina hemen eragina dauka”. Zentzu horretan, “EAJrekin ez da aldaketarik etorriko Eibarrera eta argi daukagu erosoago sentitzen direla PSEren aurrekontu batekin EH Bilduk lideratutako aurrekontu batekin baino”.