Bildu eta Aralar ospitalaren proiektuaren etorkizunaz arduratuta daude

Bildu eta Aralar ospitalaren proiektuaren etorkizunaz arduratuta daude
2012/11/09 eta kitto!

Bildu eta Aralarrek gaur eguerdian (barixakua, hilak 9) emandako prentsaurrekoan, ospitala jasotzeko lurraren inguruko euren kezkak azaldu dituzte: "Etorkizuneko Eusko Jaularitzak proiektua ez gauzatzea erabakitzen badu, gure udaleko inbertsio ahalmena asko murrizteaz gain, oso parking garesti bat edukiko genuke. Beste alde batetik, EAJri aurrekanpainan esan duenarekin koherentea izan eta ospitala kokatzeko alternatiben inguruko azterketa egin dezala esan nahi diogu".
Lurra erosita egon arren, ospitalaren proiektuak aurrera egingo ote duen ez dute argi ikusten: "EAJtik oso gertu dagoen Noticias taldean irakurri berri dugunez, behin hauteskundeak egin eta gero, Eusko Jaularitzara ailegatzeko aukera asko dituen alderdiak proiektua ezbaian jartzen du eta Lópezen gobernuak azken unean abiarazi duen proiektu hau atzera botatzeko bidea leuntzen dihardute".
Berria konfirmatuko balitz, "udal gobernuari bere programako beste egitasmo bat gehiago eroriko zaiola", gaineratu dute. Proiektua gauzatuko ez balitz, "orubea udalarena izatera" pasatuko dela eta, beraz, "Eusko Jaularitzari erantzunkizunik eskatzerik ez dela izango" argitu nahi izan dute. Horrekin batera, "orubearen salerosketari esker Eibar Berrik 1'6 milioi euroko irabaziak izan zituela" gogora ekarri dute. Eta horrekin batera, lurrari kutsadura ez kentzeko erabakiak "zentzurik ez duela" azpimarratu dute.
Gauzak horrela, erantzunkizuna EAJrena dela diote eta "herri mailan esandakoarekin koherentea izateko" eskatu nahi diote: "Alternatibak aztertu daitezela, adibidez Matsariakoa. Eta gaur eguneko egoera ekonomikoa ikusita, ezin dugu baztertu Mendaroko ospitala handitzeko aukera ere egon badagoela". Alderdi biak egoerari buruzko eztabaida martxan jartzeko prest agertu dira eta horretarako deia luzatu diote PSE eta EAJri.