Bilduk Bolo-Bolo hiruhilebetekaria aurkeztu du

Bilduk Bolo-Bolo hiruhilebetekaria aurkeztu du
2012/03/13 eta kitto!

Bolo-Bolo Eibarko barrixak hurbilduz aldizkariaren 1. zenbakia aurkeztu dute gaur goizean Eibarko Bilduko ordezkariek, udaletxean eskaini duten prentsaurrekoan. Bilduren komunikazio-lantaldearen eskutik jaiotako aldizkariak 12 orrialde dauzka eta bertan gure herriarekin lotutako hainbat gairi buruzko informazioa jaso dute, herritarren artean zabaltzeko asmoz. Azala aldizkariko gai nagusietako bati, ospital berriaren proiektuari eskaini diote eta, horrez gain, udal aurrekontuez, Euskararen Egunaren azken edizioaz, azokako baserritarrez eta beste hainbat kontuez dihardute. Aurkezpenean esandakoari jarraituta, "informazioa emateaz gain, herritarrei parte-hartzeko aukera eskaini nahi diegu eta, horren harira, Behatxulotik izenburuko atala sortu dugu, nahi duenak bertan bere idatzi edo argazkiekin kolaboratzeko aukera izan dezan". Atal horretan idatzi nahi duenak, testua posta elektronikoz, bildu@eibar.net helbidera bidali dezake edo, nahiago izanez gero, udaletxeko sarreran, Udaltzaingoaren parean Bilduk duen postontzian laga dezake. Aldizkarian darabilten hizkuntza nagusia euskara da, "baina gai nagusietan gaztelerazko laburpenak egongo dira". Datozen egunotan eibartar guztien buzoietan aldizkaria banatzeko asmoa dutela aurreratu dute eta, horretarako, 13.000 aleko tirada inprimatu dute. Bestalde, interneten, Eibarko Bilduren webgunean PDF formatuan ere zintzilikatuko dute aldizkaria.