"EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez" erakusketa bisitatu daiteke Unzaga Plaza hotelean

"EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez" erakusketa bisitatu daiteke Unzaga Plaza hotelean
2023/04/24 eta kitto!
Emakume Abertzale Batza elkartearen mendeurrenaren omenez antolatutako EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez izeneko erakusketa ikusgai dago Unzaga Plaza hotelean. Maiatzaren 1era arte joan daiteke ikustera, 10:00etatik 20:00etara. Sabino Arana Fundazioaren Abertzaletasunaren Museoak antolatu du erakusketa eta Eibarko EAJ-PNV alderdiaren ekimenez ekarri dute gure herrira.

Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an sortu zen, Euzko Gaztedi-ren babesean eratutako emakumeen talde gisa. Hasieratik bertatik, EABk erakutsi zuen emakumeen erantzukizunen artean bazirela aberriaren aldeko zabalkundea egitea, eta hezkuntza-, elkartasun-zerbitzuak zein gizarte-laguntza eskaintzea. Hala, mugimendu feminista horrek euskal emakume abertzaleak ahaldundu zituen, eta eragin handia izan zuen emakumeen ondoko belaunaldietan eta abertzaletasunean.

Hogeita lau panelek osatzen dute erakusketa, gaikako sei multzo handitan banatuta. Multzo horietan, elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jasotzen dira: 1) EABren hasierak 2) EABren loraldia; 3) «Jaungoikoa eta Lagi Zarra» (JEL) doktrina; 4) EAB eta hezkuntza; 5) EAB eta gizarte-laguntza eta 6) EAB gerran eta erbestean.