EAJ-k 36 proposamen aurkeztu dizkio Udal Gobernuaren aurrekontu zirriborroari

EAJ-k 36 proposamen aurkeztu dizkio Udal Gobernuaren aurrekontu zirriborroari
2023/01/26 14:59
eta kitto!
EAJ-PNV alderdiak gaur goizean egindako prentsaurrekoan jakitera eman duenez, 36 proposamen aurkeztu dizkio Udal Gobernuaren aurrekontu zirriborroari, izaera ekonomikorik gabeko lau zuzenketa eta gastua gutxitzeko 31 proposamen egiteaz gain. Jeltzaleen proposamen gehienak aurreko legealdietan adostu eta egin gabe geratu diren proiektuak gauzatzera bideratuta daude eta PSE-rekin, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin akordioetara heltzeko prestutasuna aurkeztu dute.

Aurten Udal Hauteskundeak egingo direla kontuan hartuta, EAJ-rentzat garrantzitsua da aurrekontu adostuak lortzea. Era berean, herriak aurrera begirako kudeaketa dinamikoagoa behar duela aipatu du Josu Mendicute alderdi jeltzaleko bozeramaileak. Horretarako, bere ustez, egiteke dauden proiektuak gauzatu behar dira eta, hortik abiatuta, Eibar bizitzeko toki aproposa egiteaz gain, “lanaren sinonimo bihurtu”.

 

3 milioi euroko belarri-tiraldia

EAJ-k aurkeztutako 36 proposamenenetatik, gehienak aurretik PSE-rekin adostu eta gauzatu barik geratu diren proiektuak dira. Izan ere, Mendicuteren ustez, “PSE-k berak sartu beharko lituzke neurri hauek bere aurrekontu zirriborroan”.

36 proposamenek 4,6 milioi euro egiten dute guztira (horietatik 3 milioi aurretik adostutako proposamenenak), “belarri-tiraldia PSE-rentzat”, eta hauek izango lirateke:

- Tiburtzio Anitua eta Karlos Elgezua arteko igogailuan barandaren altuera igotzea bizilagunen intimitatea bermatzeko (60.000 euro).

- Ronin kirol-klubarentzat dirulaguntza (3.000 euro).

- Komun publikoak jartzea: Azitain (bidegorria), Barrena, Txomo, Berdintasunaren Pasealekua, anbulatorio ingurua, San Juan 11 (490.000 euro).

- Hirigunean 400 zuhaitz landatzea (100.000 euro).

- Landa-eremuko garraio publikoa (75.000 euro).

- Altzubarren frontoia txukuntzea (100.000 euro).

- Makaskua kalea txukuntzea (15.000 euro).

- Etxebizitza tutelatuak ezartzeko erosketa egitea (350.000 euro).

- Bidebarrieta 35 eta Ibargain 14 etxebizitzak txukuntzea (100.000 euro).

- Plan estrategikoa garatzeko enpresa kontratatzea (100.000 euro).

- Birjiñape kalearen irisgarritasuna bermatzeko ideia-lehiaketa (25.000 euro).

- Garajeak egitea Miguel de Aginagako udal jabetzako lokalean: (150.000 euro).

- Hondamendi egoeran dauden etxeak botatzeko betearazpena: Arragueta, Ibargain 14, Matsaria, Ubitxa, Otaola (300.000 euro).

- Aparkalekuen proiektuak: Jardiñeta, Ubitxa, Fray Martin Mallea (150.000 euro).

- Argiteria hobetzea (100.000 euro).

- Kalamuako iturriak konpontzea (5.000 euro).

- Baratze ludikoak (40.000 euro).

- Elikagaien bankua eta neguko dispositiboa: murrizketa ez egitea (20.000 euro).

- Gizarte Zerbitzuen mapa: murrizketa ez egitea (40.000 euro).

- BHI-n euskararen erabilera bultzatzeko jarduerak ikastetxe guztiekin, publikoak eta itunpekoak (5.000 euro).

- Hankamotxak bertso-eskolarentzat dirulaguntza (2.000 euro).

- Kirol eta klub elkarteek eta irabazi asmorik gabeko entitateek Eibartik kanpo jarduerak burutzeko eta txapelketetan parte hartzeko laguntza (5.000 euro).

- Matsaria 14 eta 16 eraistea (100.000 euro).

- Ipuruako Merkatu Plazan konponketak (50.000 euro).

- Jardiñetako aparkalekua gauzatzea (850.000 euro).

- Landa-eremuan putzu septikoak egitea (50.000 euro).

- Bittor Sarasketa udal lokaleko klimatizazio arazoa konpontzea (20.000 euro).

- Lur erosketa Matsarian (500.000 euro).

- Calbeton 17 etxebizitzari konponbidea ematea kalea zabaltzeko (300.000 euro).

- Calbeton eta Bista Eder kaleen arteko iristagarritasuna hobetzeko azterlana (50.000 euro).

- Auzo elkarteei dirulaguntzak: La Plazoleta, Txontakuak, Errebal Bizirik, No al paseo que nos entierra – Ekialdea bai (20.000 euro).

- Katubeltz elkartearekin hitzarmena eta dirulaguntza (15.000 euro).

- Eibar.org elkarteari dirulaguntza (5.000 euro).

- Banarte antzerki taldea programatzea (3.000 euro).

- El Corte Ingleseko aparkalekua berreskuratzea (150.000 euro).

- Bizilagun komunitateetan plaka fotovoltaikoak jartzeko dirulaguntzak (242.918,50 euro).