Egoera eskasean daudenei eta langabetuei ezohiko dirulaguntza emango die Udalak

Egoera eskasean daudenei eta langabetuei ezohiko dirulaguntza emango die Udalak
2020/06/26 eta kitto!
Eibarko Udalaren txoke-planaren barruan, 100.000 euroko ezohiko laguntza-lerroa ezarri du, langabezian geratu edo alarma-egoeraren ondorioz egoera okertu zaien pertsonei zuzenduta. Dirulaguntzaren zenbatekoa 200 eurokoa izango da eta honako hiru baldintzak betetzen dituztenek jaso ahal izango dute: martxoaren 14tik ekainaren 21era bitartean LANBIDEn izena eman duten langabetuek; maiatzaren 31n Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) baten titularrak izan, Eibarren erroldatuta egotea, eta benetako bizilekua bertan edukitzea, gutxienez eskaerak egiteko ezarritako epearen hasiera-egunaren aurreko 6 hilabeteetan. Salbuespen gisa, laguntza honen onuradun izan daitezke, halaber, Eibarren erroldatutako pertsonak, martxoaren 14tik ekainaren 21era honako programa hauetakoren batean sartuta egon badira: Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren eta Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, baztertuta geratzeko arriskuan dauden familientzako premia biziko ondasunak erosten laguntzeko programa bat garatzekoa; edo Elikagaien Bankuaren programa.

Laguntza hauek jasotzeko eskaerak aurkezteko epea ekainaren 29an, astelehenean hasi eta uztailaren 23an amaituko da, egun biok barne.

Gurutze Gorriaren eta Udalaren arteko lankidetza-programetan sartutako pertsonei dagozkien eskaerak Gizartekintza Sailean entregatu beharko dira (Portalea eraikina, 4. solairua). Gainerako eskabideak herritarren zerbitzurako bulegoan, Pegoran, aurkeztu beharko dira. Bestalde, laguntza hauek eskuratzea errazteko, Gurutze Gorriaren eta Udalaren arteko hitzarmenaren edo Elikagaien Bankuaren programaren onuradun direnek Gizartekintza Sailaren gutun bat jasoko dute, bete beharreko inprimakiekin eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren informazioarekin, bai eta dokumentazio horrekin Gizartekintzara joan beharko duten eguna eta ordua ere.

Deialdian zehaztutako gainerako egoera guztietarako, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute Pegoran (010 edo 943708400 telefono zenbakietara deituz). Bete beharreko inprimakiak eskuragarri egongo dira Pegoran eta Udalaren webgunean (www.eibar.eus, "Bekak, Dirulaguntzak eta Laguntzak" atalean).