Eibarko sozialistek Andoni Zabala aurkeztuko dute zerrendako hirugarren postuan maiatzaren 28ko hauteskundeetan

Eibarko sozialistek Andoni Zabala aurkeztuko dute zerrendako hirugarren postuan maiatzaren 28ko hauteskundeetan
2023/02/24 eta kitto!
Eibarko PSE-EEk Andoni Zabala gazte eibartarraren hautagaitza aurkeztuko du udal hauteskundeetan, zerrendako hirugarren postuan. Adierazi dutenez, “datorren maiatzaren 28ko hauteskundeei begira, sozialistek alderdiaren oinarri soziala zabaltzeko duten estrategiaren barruan kokatzen da. Bere nortasuna, prestakuntza akademikoa, dinamismoa eta Eibarko bizitza kulturalean duen inplikazioa izan dira Jon Iraola buru duen zerrenda sozialistan sartzeko arrazoi nagusiak”.
Zabalak 37 urte ditu, La Sallen ikasi zuen (lehenengo Isasin eta gero Azitainen) eta Arte Ederretan lizentziaduna da, UPV-EHUko Leioako Campusean. Ikasketak dantzan.eus webgunean (Dantza Sustatzeko eta Zabaltzeko Elkartearen webgunea) bideo-editore gisa egindako lanarekin uztartu zituen, eta karreraren azken urtea Erasmus beka batekin egin zuen Ingalaterran, Norwitch University School of Arts-en. 2011n lizentziatu zen. Horrez gain, konpromiso sozial sendoa duela nabarmendu dute, “orain dela 4 urtetik gaur egunera arte Gurutze Gorriko errefuxiatuei gaztelerazko klaseak ematen dizkiela” agerian lagatzen duenez. Itzamna akademiako sortzaileetako bat da Zabala eta independente gisa aurkeztuko da hauteskundeetara.