Eibartik kanpora dauden interes politikoak albo batera laga eta hitzartutakoa betetzeko eskatu diote jeltzaleek alkateari

Eibartik kanpora dauden interes politikoak albo batera laga eta hitzartutakoa betetzeko eskatu diote jeltzaleek alkateari
2023/03/16 eta kitto!
Udaleko Ogasun eta Lan Batzordea gaur goizean bildu eta jarraian, EAJ-PNVko udal taldeak prentsaurrekoa egin du, udal aurrekontuari buruzko azalpenak emateko. Josu Mendicute taldeko  bozeramaleak esan duenez, ohiko prozedurari jarraituz, udal talde bakoitzak aurrekontu zirriborroari egindako zuzenketa guztiak bozkatu dituzte batzordean, eta Eibarko EAJ-PNVk PSE-EE eta Bilduren arteko akordioaren aldeko botoa eman du, aipatutako bi taldeekin batera, hirugarren partaide gisa adostasunera ailegatzeko prest ere leudekeela gaineratuta. Edozein modutan ere, oraingo honetan akordiorako inolako aukerarik ez dutela izan nabarmendu dute jeltzaleek. Ildo horretan, eta Pse-EEk eta EH Bilduk lortutako aurrekontu-akorioari errefentzia eginez, gogor kritikatu dute “Eibarko herriaren erabilera politikoa”. Mendicuteren berbetan, “hiriak dituen erronkekin zerikusirik ez duen laborategi politiko gisa erabili nahi dute”. Eta, horrekin batera, gogor kritikatu du ezker abertzalearen estrategia, “Eibartik kanpoko esparruetan bere irudia zurituko duen argazki bila” dabilela gaineratuta.

Hala ere, “horrelako akordio pobrerako” sozialisten arrazoiak beraiek azaldu beharko lituzketeela uste dute: “Ez dago azalpen lokalik halako akordio pobre baterako, ezta trenbidearen gaineko hormigoizko pasealekuaren alde egiteko, ekialdea biratu beharrean. Agindutakoaren guztiz kontrakoa egin dute, eta dena Arnaldo Otegiri titular on bat oparitzeko”.

Gogorarazi dutenez, 2022an Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu zion udal aurrekontuari (EAJ-PNVk ez du horrelakorik egin 2015etik), eta 3,4 milioi euroko zuzenketa partzialak aurkeztu zituen, aurrekontuaren aurka bozkatuz: “Hala ere, ekitaldian zehar, PSEk eta Bilduk 3 milioi euroko aldaketak egin zituzten aurrekontuetan, PSEk eta Bilduk adostutako gaiengatik. Horrek agerian uzten du iazko aurrekontuan gertatutakoa itxurakeria hutsa izan zela”, diote.

Gaurko agerraldia amaitu aurretik, emandako hitza betetzeak duen garrantzia nabarmendu dute berriz ere: “Hitza ematen denean, betetzeko da. Egiten dena esatea bezain garrantzitsua da esaten dena egitea. Ordezkari publikook konfiantza helarazi behar diegu herritarrei, proiektuei buruz eztabaida dezakegu, baina ez dugu huts egin behar”.

Hala ere, talde jeltzalearen ustez, “PSEk bere akatsa zuzentzeko eta lankidetzaren bidera itzultzeko aukera du. PSEk sinatu dituen proiektuekin konprometituta jarraitzen badu, zuzenketa horiek bakarrik babestu behar ditu”. Izan ere, jeltzaleek aurkeztutako zuzenketa gehienak atzera bota dituztela adierazi dute, “PSE-EErekin batera adostu eta oraindik bete barik jarraitzen dutenak izan ezik”.