Ekialdean egingo diren esku-hartze guztiak jasoko dituen maketa egitea proposatu du EH Bilduk

Ekialdean egingo diren esku-hartze guztiak jasoko dituen maketa egitea proposatu du EH Bilduk
2023/01/31 eta kitto!
Ekialdea Bai elkarteak egindako eskaera aintzat hartu eta pasealeku berriaz gain, ekialde guztian egingo diren esku-hartze guztiak jasoko dituen maketa egitea proposatu du EH Bilduk.

Ados dago EH Bildu Ekialdea Bai elkartekoek Estaziño-Azitain pasealekuaren maketa egiteko eskaerarekin, "baina ekialdeko zonalde horretan egingo den esku-hartzea askoz zabalagoa da eta maketan esku-hartze guztiak jasotzea proposatu dugu", esan dute EH Bildutik. Azaldu dutenez, "inbertsio historikoa bideratuko da ekialdera PSE eta EH Bilduk bultzatuta eta herritarrek plangintza guztia maketan jasota ikustea merezi dute".

EH Bilduren ustez, Eibarko ekialdeko esku-hartzea integrala da eta horrela jasota egon beharko litzate: "PNVren Jaurlarlaritzak bultzatu duen Estaziño-Azitain pasealekuaz gain, Barrena, Azitain eta Murrategin emango diren birgaitze sozio-urbanistikoek merezi dute ere maketan bere isla izatea".

EH Bilduk gogoratu nahi izan du "akordio horri esker Gabilondo partzela eraberritzea, Lapeyra eraikinean VPOko etxebizitzak eraikitzea eta Barrena 36ri irisgarritasuna konpontzea epe motzean gauzatuko direla Barrenan, ahaztu barik Murrategi auzoa guztiz zaharberritzeko ere 3 milioi euro inbertituko direla EH Bilduk Madrilen lortutako akordioari esker".

Beraz, argi laga nahi izan dute EH Bilduren perspektiba ekialde osoan esku-hartzea izan dela uneoro, "eta gutxinaka, askotan guk nahi baino geldoago, hau horrela dela erakusten ari gara", diote.