Errebal Plataformak behin-behineko espaloia zabaltzea eskatu dio Udalari

Errebal Plataformak behin-behineko espaloia zabaltzea eskatu dio Udalari
2020/05/18 eta kitto!
Errebal Plataformatik jakinarazi dutenez, erabilera anintzerako eraikina egiteko Errebalen lanean ari diren tokian espaloia lehenbailehen egitea eskatu diote Udalari. Diotenez, “eskailera mekanikoen paretik San Agustin kaleko bidegurutzeraino bitartean 5 metro zabal inguruko espaloia dago, hormigoituta, baina lanean ari direnek bakarrik erabiltzeko da eta hesiz inguratuta dago. Baina lanak geratu zirenetik bi hilabete pasatu dira eta, lanera bueltatuta ere, zati bati behintzat uko egiteko moduan izango direla pentsatzen dugu. Errebalen urteak daramatzagu espaloi hestu-hestuarekin, herriko kale nagusienetakoa izan arren. Jendea pasatzeko tokirik ez dagoela eta, honezkero ohikoa bihurtu da jendea errepidera irtetzen ikustea”.

Gauzak horrela, osasun agintariek ematen dituzten segurtasun neurriak bete ahal izateko zerbait egitea exijitu nahi diote Udalari: “Lanak bi hilabetez geratuta egon diren bitartean, aipatzen dugun bide zati hori inork erabili barik egon da. Une honetan bi kontainer daude bertan, paraleloan. Edukiontzi horiek beste tokiren batean ipintzea edo, behintzat, zabalera guztia ez okupatzeko ilaran ipintzea proposatzen dugu”. Bide batez, Plataformak herritarrei dei egin nahi die herriko dendei, bertako ekoizleei eta Merkatu Plazako saltzaileei laguntzeko.

Bestalde, gastuen inguruko gardentasuna ere eskatzen dute: “1999. urtetik gaur egunera arte Udalak Errebalen gastatu duenaren inguruko datuak publiko egiteko konpromisoa hartu zuen alkateak orain dela urtebete baino gehiago, baina datuak ezagutzera eman barik jarraitzen dute oraindik”.