Errebal Plataformak, oposizioarekin batera, Errebalgo lanetarako onartu diren aldaketak azaltzea exijitu du

Errebal Plataformak, oposizioarekin batera, Errebalgo lanetarako onartu diren aldaketak azaltzea exijitu du
2020/09/26 eta kitto!
Errebal Plataformak, Eibarko Udaleko oposizioa osatzen duten EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos alderdietako bozeramaileekin batera, prentsaurrekoa eman zuen atzo goizean Arrate Kultur Elkartean, Errebalgo lanen proiektuan uztailean onartu ziren aldaketak direla-eta, PSE-EEren udal gobernuari azalpen publikoa ematea exijitzeko eta, gai horren harira, elkarrekin adostutako adierazpenaren berri emateko. Esandakoari jarraituz, “700.000 euroko gainkostua eragingo duten aldaketak onartu zirenetik bi hilabete igaro dira eta udal gobernuak ez du horren inguruko inolako azalpenik eman oraindik”. Proiektuan egin diren aldaketak, horien kostua, lanen kalitatean izango duten eragina eta lanak egiten ari den Errebal Iza-Campezo enpresak proiektua aldatzeko asmoa zuela noiztik zekiten azaltzea eskatzen dute, besteak beste. Horrekin batera, lanak amaitu baino lehen proiektuak izango duen azken gainkostua hori izango den argitzea nahi dute, “gainkostu gehiago izango direla susmoa dugu-eta”.

Gogora ekarri nahi izan zuten enpresa horri lanak esleitzeko arrazoia aurkeztu zuen eskaintza izan zela, prezioan %16,10eko beherapena egin zuen-eta. Diotenez, “orain arteko gainkostuak hasierako prezio horretan %13,02ko igoera eragin dute, beraz enpresa lehiaketaren hasierako preziotik, hau da, lehiaketaran beste enpresek aurkeztu zezaketen gehienezko preziotik oso gertu dago honezkero. Hori ikusita, Udala Errebal enpresak hasieran egindako eskaintza betetzen duen ala ez zaintzeaz arduratzen ari den zalantza daukagu”.

Horrekin batera, lehiaketan puntu gehien lortzeko beste arrazoia lanak amaitzeko epe laburra izan zela azaldu zuten: “Hala ere, PSE-EEk lanak amaitzeko epea 9 hilabetez luzatu du eta, beraz, COVID-19aren eraginez horrelako atzerapena egongo dela esateak ez dauka zentzurik”.

Euren kezka eta zalantza guztiei, eibartar batek Udalean aurkeztutako eskaera gehitu behar zaiola adierazi zuten: “Herritar horrek aurkeztu duen eskaeran galdera oso zehatzak daude, guretzat benetan kezkagarriak diren hainbaten inguruan. Besteak beste, irregulartasunak egoteko aukera aipatzen du”. Hori ikusita, Sektore Publikoko Kontratuen Legea eta 15/2010 Berankortasun Legea betetzen ari diren argitzeko txosten teknikoa egitea eskatu dute hiru alderdiek. Horren harira, gai hori mahaigaineratu zenean udal gobernuak ez zuela ia azalpenik eman salatu nahi dute. Bestalde, herritar horrek egiten dituen galderei lehenbailehen erantzun behar zaiela uste dute: “Itxura denez, hilabeteetako atzerapena duten fakturak ordaintzen ari dira eta legeak ez du horrelakorik baimentzen. Udal teknikariek horrelako kontuen inguruan sakon ikertzea espero dugu”.

Amaitu aurretik, uztailaren 29an eta abuztuaren 12an egin zuen bezala, Errebal Plataformak berriz eskatu nahi dio Udalari auzokideekin bilera egiteko, alkatea eta alderdi politiko guztiak bertan direla, aipatutako kontuak eta egon daitezkeen beste galderak erantzuteko.