Greba egunean Ertzantzaren jokabidea salatzeko agerraldia egin dute

Greba egunean Ertzantzaren jokabidea salatzeko agerraldia egin dute
2012/04/13 eta kitto!

Eguaztenean hainbat herritarrek agerraldia egin zuten Untzagan, martxoaren 29ko grebaren harira, egunean zehar hainbat lagunek Ertzantzarekin izan zituzten gorabeheren berri emateko eta kasu batzuetan ertzainek eurekin izandako portaeraren inguruko salaketa publikoa egiteko. Agerraldian irakurri zuten agiria jarraian irakur dezakezue:
“Martxoaren 29ko Greba Orokorra zela eta jende ugari irten ginen kalera. PPk onartutako erreforma eta egungo kapitalismo zikina salatzeko asmoz.
Corte Inglesak aldiz, Grebari uko egin eta ateak zabalik mantendu zituen egun osoan zehar. Gauzak horrela, bertara hurbildu ginen pikete informatibo gisa baina ez zituzten azalpenak entzun nahi izan eta “sentada” bati ekin genion.
Handik gutxira, Corte Inglesak deituta, Ertzainak agertu ziren. Biziki defendatu zuten kapitalismoaren aldeko legea, bertako pertsonak jipoituz.
Tamalez, Eibartik kanpora ere modu honetan astinduak izan ziren beste herritar batzuk ere, Xuban gasteiztarraren kasua adibidez, zein Ertzainak buruan erasotu eta ia hilzorian laga zuten gaztea. Orain dela egun gutxi ere Bilboko Iñigo Cabacas erail zuten Ertzainek. Hau onartezina da! Aipatutako guztia salatzeko eta Greba egunean jasandako errepresioa zein izan zen erakusteko kartel informatiboak ateratzea erabaki genuen. Apirilaren 3an gutariko hiru gazte Eibartik kartelak pegatzen zihardutela Ertzainen lehen erasoa pairatu zuten. Pegada bukatuta, gazte bat taberna batean zegoela, Ertzainak bertara sartu, gaztea tabernatik atera arazi eta identifikatu egin zuten, injurias delitua atxikita.
Apirilaren 4an, kartel berbera jartzeagatik, beste hiru gazte identifikatu zituzten, informatzeko eskubidea urratuaz.
Argi utzi nahi dugu eraso guzti hauen aurrean gogor mantenduko garela eta ez gaituztela geldituko.
Jo eta ke, kapitalismoa suntsitu arte!!”.