Julen Robles (PP): “Eibarko distira berreskuratzea, inbertsioa erakartzea eta berriro erreferente ekonomikoa bihurtzea nahi dut”

Julen Robles (PP): “Eibarko distira berreskuratzea, inbertsioa erakartzea eta berriro erreferente ekonomikoa bihurtzea nahi dut”
2023/05/19 eta kitto!
Zerk motibatu zaitu alkategai izateko zeure burua aurkeztera?

Nire oroitzapenetako Eibar, gogoratzen dudan hiri hura berreskuratzeko gogoak. Hiri txiki baina zirraragarria, edozein hiribururen pareko giroarekin. Eibarrek potentzial handia dauka oraindik, noiz askatuko duten zain. Pertsonak beste guztiaren aurretik jartzen, bizilagunen kezkak zuzenean entzun eta artatzen dituen politikan sinesten dut. Eibarren, lehen begi-kolpean ikusten ez diren errealitate asko daude, eta horiek ere aintzat hartzea merezi dute. Gure hiriak aurre egin beharreko erronkak ezagutzen ditut, eta badakit horien ondorioz batzuk alde egitea ere pentsatu dutela. Baina ziur nago hori aldatu dezakegula. Nire helburua da Eibarko distira berreskuratzea, inbertsioa erakartzea eta berriro erreferente komertzial eta ekonomiko bihurtzea, iraganean izan ginena izateko berriz ere.

Alkatetza lortzen baduzu zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?

Eibarko alkate edo zinegotzi gisa egingo nukeen lehenengo gauza nire hauteskunde-programa eskura eman nien herritar guzti-guztiak berriz bisitatzea izango litzateke. Dokumentu hori ez dela kanpainarako panfleto hutsa, haiekiko benetako konpromiso iraunkorra baino gogorarazteko. Orduantxe indarrean sartzen den eta datozen lau urteetan mantenduko den kontratua. Beraien zerbitzari gisa ere aurkeztuko nintzateke, haien alde eta haiekin batera lan egiteko prest. Beraien kezkak entzuteko eta Eibar hiri hobea izan dadin nire esku dagoen guztia egiteko gertu. Niretzat hori delako politikaren funtsa: jendearen zerbitzura egotea eta elkarrekin lanean aritzea, Eibar hobea egiteko.

Zuretzat zeintzuk dira Eibarrek gaur egun dauzkan premia nagusiak? Eta zer planteatzen duzu horiei erantzuteko?

Eibarrek une honetan duen erronka nagusia aukera faltarena da. Baina ez dut arazo gisa ikusten, hazteko eta aurrera egiteko aukera gisa baizik. Jendea lanerako eta bere hirian inbertitzeko gogoz ikusten dut, eta hori Eibarrek ahalmen handia duen seinale da. Gure helburua inbertitu nahi dutenentzat eta ekintzaileentzat Eibar toki erakargarria bihurtzea izan beharko litzateke, fiskalitate bidezkoarekin, eta enpresak sortzeko oztopo burokratiko gutxiagorekin. Baina, aldi berean, ez ditugu ahaztu behar gazteak eta premia gehien dutenak. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zait etxebizitza babestuaren eraikuntzan inbertitzea, bereziki gazteei eta baliabide gutxien dituzten pertsonei zuzenduta. Etxebizitza egoki eta eskuragarriak, gazteei etorkizunerako aurreztea ahalbidetzeko eta, aldi berean, ikasleak eta langileak gure hirira erakartzeko. Gauzak ondo egiten baditugu, urte batzuk barru Eibar bizitzeko leku oparoa eta erakargarria izateaz gain, jarduera ekonomiko eta kulturalerako gune ere izango da. Hiri handiekin lehiatzeko, lotarako hiria baino zerbait gehiago izateko asmoa izan behar dugu.

Euskal kulturak eta euskarak zein lehentasun daukate zeuen programan?

Gure nortasunaren funtsezko zatiak dira, Eibarren ez ezik Euskal Herri osoan. Nire hauteskunde-programan leku nabarmena dute, funtsezkoa iruditzen baitzait gure tradizioak, hizkuntza eta kultura zaindu eta sustatzea. Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea gure kultura-nortasunaren defentsa ez dela zertan inposatu behar. Norbanakoen eskubideen errespetuan oinarritu behar da. Gure kultura eta hizkuntza sustatzeko ikuspegi inklusibo eta parte-hartzailean sinesten dut. Kultura eta hizkuntza aniztasuna balioetsi eta babestu beharreko altxorrak dira. Horregatik, euskara ikasi eta erabili nahi duten guztiek euskara eskuragarri izateko arituko naiz, baita gure ohitura eta adierazpen kulturalak ezagutzera emateko eta baloratuak izateko ere.

Estaziño-Azitain pasealekuaren proiektuak bizilagun askoren kexak eragin ditu. Zer daukazue proiektu horren inguruan esateko?

Bizilagunek dituzten kezkak ulertzen ditugu. Tamaina honetako edozein proiektuk herritarren ahotsa eta izan ditzakeen ondorio guztiak kontuan hartu behar ditu. Politikak ez du inposizio-ariketa izan behar, adostasun eta lankidetza ariketa baizik. Inplikatutako alde guztiei entzun eta guztien onerako konponbideak bilatzea da egokiena. Barrena eta Otaola hiribideari dagokienez, gure hirian bizimodua hobetzeko potentzial handia dutela ikusten dugu. Aukera dago Eibarko premia larrienetako batzuei heltzeko, hala nola gure gazteentzako etxebizitza babestuei, baita gure tokiko merkataritza bultzatzeko ere. Eibarren kostarik edo erdigune historikorik ez badugu ere, gure erakargarritasuna sortzeko gaitasuna badugu. Gure hiriak merkataritza arloan potentziala dauka, eta gure kale komertzialak biziberritzeko inbertsioa erakarri beharra dago. Eibarrek asko dauka eskaintzeko.

Errebal Merkatu Plazaren auziak desilusioa eta, kasu batzuetan, haserrea eragin du herritarren artean. Zein irakurketa egiten du zuen alderdiak?

Proiektua, zalantza barik, etsigarria izan da askorentzat. Proiektu honek, Kirol Hiria edo Ipurua II bezalako beste batzuk bezala, herritar guztien mesederako ez den politika egiteko modu bat erakusten dute. Asmo handiko proiektuak dira, baina, aurrerapena barik, nahigabea eragin dute. Gu administrazio koherente eta arduratsu baten alde gaude, herritarren beharrizanei lehentasuna eman eta konponbide eraginkorrak bilatzeko. Errebalen gertatutakoa argitzeko eta kaltetutakoak konpentsatzeko ikerketa sustatuko dugu. Hortik haratago, asko dago hobetzeko, eta hori lortzeko gogotik arituko gara.

Zeintzuk izan beharko lirateke, zure ustez, industriaren aldeko politikak?

Tokiko industria bultzatzea gure programaren lehentasunetako bat da. Horretarako, industria-lurzoru eskuragarrirako sarbidea erraztu behar dugu, eta ingurune lehiakorra eskaini. Potentziala duten industrialdeak ditugu eta, neurri egokiekin, enpresa berriak hartu eta Eibarko jendearentzat enplegua sor zitzaketen. Gainera, gure hirian ezartzen diren eta tokiko langileak kontratatzen dituzten enpresentzako laguntza-programak ezartzea proposatzen dugu. Gure helburua Eibarko biztanle guztiei mesede egingo dien hazkunde ekonomiko iraunkorra sustatzea da. Laguntza publikoei dagokienez, benetan behar dituztenengana iristea bermatu behar dela uste dugu, hala nola desgaitasuna duten pertsonengana edo adinekoengana. Hala ere, garrantzitsua da lan egin dezaketenek eta egin behar dutenek lan egiten dutela ziurtatzea. Horretarako, lan-merkatuan parte-hartze aktiboa sustatuko duten politikak bultzatuko ditugu, eta laguntza publikoak esleitzeko irizpideak berrikusiko ditugu, helburua betetzen dutela ziurtatzeko. Eibarren asko dago egiteko, eta gure hiria garatzeko denon ekarpenaren beharra dago.

Nola uztartu daitezke, batetik, Eibarren oinezkoentzat espazioa lortzea eta, era berean, dagoen aparkaleku faltari erantzuteko neurriak aplikatzea?

Zalantza barik, uste dut posible eta beharrezkoa dela gure hiriko oinezkoen eta gidarien beharrak orekatzea. Administrazio publiko guztien arteko plangintzan eta lankidetzan datza gakoa. Oinezkoentzat lagunkoiagoa izango den Eibarren aldeko apustua egiten dugu, espazio publikoak lehenetsiz eta gure hiriaz goza dezagun. Horretarako, hirigunea oinezkoentzat egitea proposatzen dugu, eta sarbidea bertan bizi direnentzat, taxientzat, autobusentzat eta motorrentzat mugatzea. Aldi berean, uste dugu aparkalekua arazo garrantzitsua dela eta horri aurre egin behar zaiola. Gure bizilagunentzako lurpeko aparkaleku hobaridunak sortu behar direla pentsatzen dugu. Horrelako proiektuek administrazio guztien konpromisoa eta lankidetza behar dute, tokiko administraziotik hasi eta estatukora arte. Egia da etorkizunak oinezkoentzako eredu baterantz jotzen duela, baina funtsezkoa da aldaketa hori oraindik ibilgailu partikularrean mugitu behar dutenak edo nahi dutenak zigortu gabe egitea. Denok Eibarrez gozatzea eta mugikortasuna erraztea ahalbidetuko duen oreka nahi dugu.