Bilduk lau neurri proposatu ditu merkatari txikiei eta ostalariei laguntzeko

Bilduk lau neurri proposatu ditu merkatari txikiei eta ostalariei laguntzeko
2020/05/04 eta kitto!
Koronabirusak eragin duen osasun krisiaren ondorioz Eibarko 300 komertzio txikik eta 155 tabernak eta jatetxek ateak itxi behar izan dituzte, eta EH Bilduk uste du premiazko talka planak behar dituztela. “Aurtengo aurrekontuak sei hilabeteko bizitza izango du. Ez ohiko egoera baten aurrean gaude eta 2020ko aurrekontua sortutako beharretara bideratu beharko litzateke”, esan du Bilduko Gorka Errastik. “Herritarrak erdian jartzea eta talka planak aurrera eramatea izan beharko litzateke Udalaren ardura nagusia”.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Komertzio eta ostalaritza krisi-mahai sektorialak egin dira eta, bertan jasotakoa aztertuta, Bilduk hainbat lau neurri nagusi zehazteko premia ikusi du.

Batetik, laguntza zuzenak. “Azkarrak, hilabete hauetan sortutako zorrak gutxitzera bideratuak”. Laguntza hauek bi zatitan banatzen dira: itxitako establezimenduentzat (bakoitzari kopuru finko bat, itxialdiko alokairuaren zati bat ordaintzeko dirulaguntza eta produktu galkorrak erosteagatik dirulaguntza) eta irekita egon direnentzat (salmenta jaitsierarengatik dirulaguntza).

Bigarrenik, berrikuntzarako eta errealitate berrira egokitzeko laguntzak. “Establezimendu asko errealitate berrira egokitu beharko dira. Askok berrikuntzak sartu beharko dituzte euren negozioetan eta, agian, negozio-ideia birpentsatu”.

Hirugarrenik, tokiko kontsumoa sustatzeko laguntzak. Horretarako, tokiko komertzioan, ostalaritzan eta herritarrengan eragina izango duten bono/taloi sistema proposatzen du Bilduk.

Eta laugarrenik, tokiko komertzioa eta ostalaritza babesteko sentsibilizazio kanpainak. “Herritarrek ohiturak aldatuko dituzte, askorengan ere beldurrak eragina izango du. Beharrezkoa izango da Udaletik sentsibilizazio kanpainak martxan jartzea, herritarrak tokiko komertzio eta ostalaritzan kontsumitzera animatuz”.