Kontu Auzitegiak udalaren aldeko sententzia eman du Errebalgo prozesuaren auzian

Kontu Auzitegiak udalaren aldeko sententzia eman du Errebalgo prozesuaren auzian
2013/07/16 eta kitto!

Gaur goizean (martitzena, hilak 16) Miguel de los Toyos alkateak prentsaurrekoan aditzera eman duenez, "Errebalen bertan behera geratu zen merkaritza gunea egiteko prozesuaren testuinguruan hainbat alderdik eta entitatek hasitako ekimen judizialak udalaren aldeko sententziekin amaitu dira. Ezker Batuak eta Aralarrek batetik eta Eroskik bestetik Errebalgo prozesuaren fase ezberdinekin auzitegira jo zuten. Zehatzago azaltzearren, birpartzelazio proiektuaren, Plan Bereziaren eta udalak eta Eibar Boulevardek orubearen salmentarako alde biek adostuta sinatutakoaren inguruko ustezko ilegalitateak salatu zituzten".
Prozesu horien guztien inguruan Donostiako Kontu Auzitegiak udalaren aldeko sententzia eman du eta horregatik pozik agertu da alkatea, "Errebalen etorkizunean beste proiekturen bat egiteko bidea oztopo barik garbi geratzearekin batera, sententziak udaleko teknikeriek egindako beharra zuzena dela agerian lagatzen duelako. Gauzak horrela, etorkizunean Errebalen zer egingo den erabakitzeko hasita dagoen prozesu parte-hartzailean beharrean lasaiago jarraitu dezakegu".