Lasaitasunez hasi dugu Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskunde eguna

Lasaitasunez hasi dugu Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskunde eguna
2023/05/28 eta kitto!
Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskunde eguna lasaia ari da izaten Eibarren. Goizeko 09:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak eta, oraingoan, berritasun nagusia hautesleku batzuetan izandako toki-aldaketa da. Izan ere, aurreko hauteskunde batzuekin alderatuz gero, hautesleku batzuk desagertu egin dira eta berri batzuk agertu. Hala nola, Errebal Plazan eta Torrekua anbulatorio zaharrean eman ahal izango dute bozka hainbat eibartarrek. Gainerako hauteslekuak udaletxean, Arrateko Andra Mari ikastetxean, Amañako dorreetan, E.P.A.-n eta Urkizu ikastetxean daude. Iluntzeko 20:00ak bitartean eman ahal izango dugu botua Eibarren bozkatzeko ahalmena daukagun 20.553 lagunok. Botuen zenbaketa hasi eta, berehala, ...eta kitto!-ko lantaldeak mahai bakoitzeko emaitzak jasoko ditu, lehenbaileen Eibarko emaitza guztien berri emateko, gaur gauean bertan etakitto.eus gure webgunean eta bihar, berriz, kiosko, denda, okindegi eta ohiko banaketa-puntuetan aurkituko duzuen paperezko ale berezian.