Oñatiko Autlan EMD enpresak prebentzio neurriak ez dituela bete ebatsi du Eibarko epaitegiak

Oñatiko Autlan EMD enpresak prebentzio neurriak ez dituela bete ebatsi du Eibarko epaitegiak
2022/10/18 15:14
eta kitto!
Eibarko epaitegiak ebatsi duenez, Oñatiko Autlan EMD enpresak ez ditu prebentzio neurriak bete. LAB sindikatuak abiatu zuen auzia eta, bertako ordezkarien berbetan, “hori da LABek urteetan salatu duena, eta urriaren 14ko epaiak arrazoia eman digu honekin. Bi langileri beraien kontratuen iraungitzea onartu zaie, eta kalte ordainak bere gain hartu beharko ditu enpresak. Hamaika izan dira lan ikuskaritzarekin, Osalanekin edo prebentzio zerbitzuekin izandako hartu emanak. 2017an arazoaren berri izan genuenetik gaur egun arte enpresaren eta bere prebentzio zerbitzuen utzikeria nabarmena izan da: 2018an lan ikuskaritzak enpresa berehalako neurriak betetzera behartu zuen, eta horren ondorioz, Norbere Babeserako Ekipamendu (NBE) batzuk ezarri zituzten. Dena dela, 2021ean NBEak oraindik ez ziren erabiltzen kutsatutako zonalde guztietan, enpresak esaten zuelako zonalde horiek ez zeudela kutsatuta laino azidoekin. 2022an, 5 langileri lan gaixotasuna aitortu zitzaien”.

Gaineratu dutenez, “edozein babes neurri betetzea enpresaren esku dagoela babesten du sententziak. AUTLAN EMDren kasuan gaixotu diren langileen lanpostuen egokitzapena edo enpresa uzteko pizgarriak exijitzen jarraituko dugu, baita lanean geratzen direnen langileen osasuna babestea ere”.