PSE-EE-k dio Lópezen gobernua Eibarrentzat onuragarria izan dela

PSE-EE-k dio Lópezen gobernua Eibarrentzat onuragarria izan dela
2012/09/28 eta kitto!

Gaur (barixakua, hilak 28) eskainitako prentsaurrekoan, Eneko Andueza eta Miren Gallastegi ordezkari sozialistek oso modu positiboan baloratu dute Patxi Lópezen gobernuak gure herriari ekarritako "onurak", Eusko Jaurlaritzak Eibarren inbertitu dituen 91 milioi euroen garrantzia azpimarratzearekin batera. Lópezen gobernuak Eibarren egin dituen inbertsio horien artean batzuk aipatzearren, Ospital berria, Polo Teknologikoa eta Eibarko Paseoa ekarri dituzte gogora. Hiruak "Lópezek aurreko kanpainian bere gain hartutako konpromezuak" direla azalduta, "bete egin dituela" azpimarratu dute. Ospital berria eraikitzeko beharrak urriak 17an esleituko dituztela aurreratu dute agerraldian eta horretarako inbertsioa 29.900.000 eurokoa izango da. Polo Teknologikoaren harira, Eusko Jaurlaritzak 9.665.000 euro emateaz gain, baldintza berezietan emandako 10.100.000 euroko mailegua horri gehitu behar zaiola argitu dute. Trenbidea eta bertako zerbitzuak hobetzeko egindako inbertsioa, berriz, 42.732.147 eurokoa izan da. Beste inbertsio garrantzitsu batzuk hainbat kaletako akzesibilitatea hobetzen (1.500.000 euro), kanpoko igerilekua handitzeko beharretan (700.000 euro) eta erdialdeko kaleak oinezko eta automobilendako elkarbizitzarako gune bilakatzeko (908.204 euro) erabili direla gaineratu dute.