PSE-k eibartarren kezkak eta beharrak jasoko ditu hauteskunde-programa osatzeko

PSE-k eibartarren kezkak eta beharrak jasoko ditu hauteskunde-programa osatzeko
2023/01/26 eta kitto!
Jon Iraola maiatzeko Udal Hauteskundeetarako PSE-ko hautagaiak gaur goizean jakinarazi duenez, alderdi sozialistak gutun bat igorriko die eibartarrei bere asmoen berri emateko eta herritarren kezkak eta zalantzak jasotzeko asmoz. Horretarako, komunikaziorako hiru bide irekiko ditu PSE-k: 943 20 17 68 telefonora deitzea, eibar@socialistaseibarreses.com posta elektronikoa idaztea edo alderdiaren egoitzara (Isasi, 2-2) posta arrunta bidaltzea.

Iraolak eta Ana Telleria Eibarko Sozialisten Idazkari Nagusiak adierazi dute denbora daramatela hauteskundeetako programa prestatzen eta orain arte ere eibartarrek egindako ekarpenak jasotzen saiatu direla, baina orain beste aukera bat eman nahi diete herritarrei. Horrela, jasotako ekarpenak aztertu ondoren, programan sartuko dituzte, “ahal den neurrian”, esan dutenez.

PSE-k, era berean, Udal Hauteskundeei begira erabiliko duen goiburuaren berri eman du. ‘Zu zara Eibar’ da alderdi sozialista erabiliko duen leloa eta aipatutako ekimenak ildo hori jarraitzen duela aipatu dute politikariek.

Udal Hauteskundeak maiatzaren 28an egingo dira eta zerrenda osatzen dihardutela esan dute sozialistek. “Zerrenda anitza osatzen ari gara, herritarrengandik hurbil egongo dena. Berritasun nagusiena zerrendaren buru ni neu izango naizela da”, aipatu du Iraolak. “Berritasunak egongo dira eta baita esperientziadun jendea ere. Aire berria falta da, baina zerrenda orekatua osatzen saiatu gara”, gehitu du.