Saharar herriaren aldeko kontzentrazioa egingo dute bihar

Saharar herriaren aldeko kontzentrazioa egingo dute bihar
2022/03/23 eta kitto!
Joan den barixakuan Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Marokoko Gobernuari adierazi zion Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea dela gatazka gainditzeko aukerarik “serioena, errealistena eta sinesgarriena”. Politika aldaketa honen bitartez, Espainiako Gobernuak sahararren erabakitzeko eskubideari uko egiten dio eta, Espainiak Sahararekiko ardura politiko eta juridikoa duenez, erabakiak hautsak harrotu ditu.

Sahararen aldeko elkarteek traiziotzat jo dute Espainiako Gobernuak hartutako erabakia eta protestak egin dituzte zenbait tokitan. Horrela, bihar, 18:00etan, Untzaga plazan kontzentrazioa egingo da ‘Espainiak saharar herriari traizio egiten dio berriro’ goiburuarekin, Eibar-Sahara elkarteak deituta.