Vanesa Hortas izango da laugarrena Eibarko sozialisten hauteskunde zerrendan

Vanesa Hortas izango da laugarrena Eibarko sozialisten hauteskunde zerrendan
2023/03/06 eta kitto!
Eibarko PSE-EEk Vanesa Hortas gazte eibartarra sartu du maiatzeko udal hauteskundeetarako hautagaitza sozialistaren zerrendan, independente gisa, laugarren postuan. Hautagaia “Eibarko emakume gazte bat, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna, Mondragon Unibertsitatean, finantza-espezialitatean, eta eskarmentu handikoa prestatzaile eta aholkulari gisa” deskribatu dute eta, Jon Iraola PSE-EEko alkategaiaren hitzetan, “Vanesa Hortas zerrendara gehituta, ekintzailetza bultzatzeko eta babesteko estrategia sendotu nahi dugu”.

Bere esperientzia profesionalari dagokionez, Debegesa garapen-agentzian hasi zen lanean, Enplegu eta Ekintzailetzako teknikari gisa, 2004tik 2016ra, ekintzaileei laguntzeko zerbitzuarekin lotutako hainbat eginkizun betez, hala nola langabeentzako, ekintzaileentzako eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonentzako prestakuntza-jarduerak egitea. 2016ko apirilean, Enplegu eta Ekintzailetzari bultzada emateko zerbitzua abiatu zuten Debabarrenean, eta, sei hilabetez, hura gidatu eta koordinatu zuen, gazteei lagunduz. 2016. urtearen amaieran, autonomo gisa hasi zen lankidetzan Eibarko Somos Asesores aholkularitzarekin eta, besteak beste, Eibar Coworking izeneko proiektua koordinatu eta abiatu zuen. 2020an, bere kontura hasi zen lanean, enpresa txikiei aholkularitza fiskaleko eta kontabilitateko zerbitzuak emanez. Ekingune ekintzaileen elkarteko koordinatzailea eta zuzendaritzakidea ere izan da; eta, 2021az geroztik, aholkularitza digitalaren arloan emakumeak buru dituen H2B Business Group kooperatiban dihardu lanean.

Zerrenda osoaren aurkezpena eguenean

Bestalde, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko den Eibarko PSE-EEren zerrenda osoa martxoaren 9an, eguena aurkeztuko dute, 19:00etan, Errebal Plazan egingo den ekitaldi ireki batean. Bertan, Sofia eta Ander bikote eibartar gaztearen musika emanaldiaz gozatu ahal izango da eta luncha ere egongo da.