Prest dago Euskararen Eguneko egitaraua

Prest dago Euskararen Eguneko egitaraua
2022/11/28 eta kitto!
Zapatuan, abenduaren 3an,  ospatuko dugu Eibarko euskaltzaleok Euskararen Eguna. Aurreko egunean, abenduaren 2an, hasiko dira Euskararen Egunaren inguruko ekintzak. Eibarren AKEBAIren enkarguz, Soziolinguistika klusterrekoek Eibarko kale-erabileraren emaitzak aurkeztuko dituzte Errebaleko hitzaldi gelan arratsaldeko 18:00etatik aurrera. “Datozen urteetan indarrak non jarri behar ditugun erabakitzen lagunduko digute emaitzek eta horien interpretazioak”, antolatzaileen hitzetan. Eta, behin hitzaldia amaituta, aisialdirako tartea: “Karropoteoa egingo da 19:30etik aurrera”.

“Utzi arrastoa” horma-irudia abenduaren 3an
Zapatuan bertan, goizeko 09:00etan hasita, horma-irudi berezia egingo da Bista Eder kaleko Beleko tabernaren ondoko horman. Eibarko Udalaren enkarguz, Mikel Larrañaga bergararrak Eibar BHIko Batxilergo Artistikoko ikasleekin batera diseinatutako irudia osatuko da: “Herritar guztiak daude gonbidatuta margoketa-lanean parte hartzera. Erabat irekia izango da. Ezin dugu aurreratu zein irudi agertuko den, aurrerago, Eibarren, euskararen inguruan gertatuko den gauza berezi batekin lotura izango duela, besterik ez”.

Kalejira herrikoia
Bien bitartean, goizeko 11:00etatik aurrera jolasak egongo dira umeentzat Untzagan. 11:45-12:00ak bitartean horma-irudiaren making off-a eta sorpresa izango ditugu, eta eguerdiko 12:00etan kalejira herrikoiak bere ibilbideari ekingo dio. Untzagan hasiko da eta handik, “eskailera mekanikoak hartuta, Bista Ederrera joango gara. Inauguratu berri egongo den horma-irudiaren aurrean egingo dugu lehenengo geldiunea. Han pare bat kantu abestu eta gero Ifar kaletik behera Katu Kale inguruan geldituko gara berriro. Anbulategiko parkean ere geldiunea egingo dugu; handik Toribio Etxebarrian sartuko gara eta Depor parean egingo dugu azkenaurreko geldiunea. Handik Untzagara eta bertan amaituko dugu. Ibilbidean era guztietako abestiak entzungo ditugu, tradizionalak eta modernoak, heldu, gazte zein umeentzat”. Eguraldiak laguntzen badu, harmailen aldean amaituko da, eta, euria egingo balu, bestekaldean egongo den karpa barruan. Kalejirarekin amaitzeko, bertaratutako guztiek elkarrekin abesteko eta dantzatzeko aukera izango dute Irrien Lagunak kantu ezagunaren doinuak lagunduta. 14:15ean talde-argazkia egingo da.

Herri-bazkaria eta bazkaloste oparoa
Ustekaberen kalejira herrikoiaren ostean herri-bazkaria egingo da Untzagako karpan. “Boteprontuan, euskeraz! taldeak antolatu du bazkaria Bizimiña elkartearekin batera. Eguaztenaz geroztik Guridi eta Depor tabernetan daude tiketak salgai (17€ ez prekarizatuak, 14€ prekarizatuak). Bapo bazkaldu eta gero, bazkaloste oparoaz gozatuko dute bazkarira joandakoek: “bingo musikatua egingo dugu eta eguna ganoraz amaitzeko, iluntzeko 21:30etik aurrera erromeria izango dugu sMePebo5t taldearekin”.

Euskal testu zaharra pankartan
Aurten Euskalgintzako mahaiak ez du aparteko goibururik aukeratu Euskararen Egunerako, baina eguna iragartzeko egindako pankarta berezia da: “Eibarko Euskararen Eguna iragartzeaz gainera, pankartaren hondoan azaltzen den testu zatia berezia da. Ia duela 500 urte euskaraz idatzitako maitasun poema baten zatitxo bat dago letra gorriz. Oñatiko Artxibo Historikoan aurkitu zuten orain dela bi urte Azkoitiko notario-protokolo dokumentu baten bazterrean idatzita”.

“Eibarko euskalzale guztiei dei egin nahi diegu; irten gaitezen kalera eta ospa dezagun guztiok elkarrekin Euskararen Eguna; baina ez dadila ospakizun-egun soilean gelditu; harago joan behar dugu, eta Eibarren euskaraz bizi nahi dugula ozen aldarrikatu eta exijitu behar dugu. Gure hizkuntzak gu guztion babesa eta hauspoa behar du-eta, inoiz baino gehiago”.