Robotika eta bideojokoen inguruko bigarren tailerrerako lekua dago oraindik

Robotika eta bideojokoen inguruko bigarren tailerrerako lekua dago oraindik
2017/07/20 eta kitto!
Gazterobotika egitasmoaren barruan, 8 eta 16 urte bitarteko gazteentzat tailer bi antolatu ditu udalak Eibarren. Lehena aste honetan abiatu da, arrakasta handiarekin, eskaintzen ziren toki guztiak bete egin dira eta. Robotika eta bideojokoen inguruko lehen tailer horretan 25 gazte ari dira parte hartzen eta gaur amaituko dituzte saioak. Bigarren tailerra pixka bat aurrerago, abuztuaren 31tik irailaren 5era bitartean egingo da eta horretan izena emateko aukera dago oraindik, taldea osatzeko toki batzuk betetzeko daude eta. Interesa izanez gero, izen-ematea zabalik dago www.gazterobotika.eus webgunean (30 euro balio du). 2001. eta 2009. urteen artean jaiotakoei zuzenduta dauden tailer hauetan gazteek euren robotak eraiki eta programatzen dituzte, beti ere taldeko lana sustatuz. Tailerrak euskeraz dira eta arlo honetan aditua den Doplay enpresak ematen ditu. Arduradunen berbetan, “robotikaren mundua gerturatzeaz gain, bideojokoak sortzen ere irakasten zaie. Teknologiarekin ikasi, jolastu eta ondo pasatzeko aukera dute gazteek”.

Debabarreneko udalek sustatu duten hezkuntza-egitasmo honen helburua eskualdeko haur eta gazteen artean bokazio teknikoak eta teknologikoak sustatzea da eta egitasmoaren koordinazioaz Debegesa garapen agentzia arduratzen ari da. Bestalde, Gazterobotika egitasmoaren baitan, Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da irailaren 23an Eibarren, Astelena frontoian, Eibarko udaleko Garapen Ekonomikorako sailak sustatuta.