San Andres zaharren egoitzan bizi den egoera salatu dute

San Andres zaharren egoitzan bizi den egoera salatu dute
2020/03/20 eta kitto!
Marisa Cid …eta kitto! aldizkariko kolaboratzaileak ama du San Andres zaharren egoitzan eta han bizi den egoeraren berri eman zigun atzo gutun baten bitartez, laguntza eske. “Gaur esan didate egoitzako ikuskatzaile orokorrak koronabirusaren sintomak izan dituela gauean eta etxean aislatu behar izan dela. Gau eta egun egin du lan eta egoitzan ez duten materiala eskatu du etengabe. Arnasaren hezetasunarekin apurtzen diren maskarak besterik ez dituzte eta ez dute NBErik (Norbere Babeserako Ekipoak), nahiz eta susmagarriak diren eta aislatuta dauden egoiliarrak zaindu behar dituzten (ez diete testik egin)”, dio Cidek.

Horrez gain, positibo eman duen lagun batekin egon den langile bat dagoela aipatzen du Cidek, eta ez diotela etxean geratzen uzten, ezta testik egiten ere. Horren aurrean, hainbat galdera egiten ditu Cidek. “Zer gertatuko da zaharren egoitzetako langileak gaixotzen badira? Nork zainduko ditu egoiliarrak? Langile batzuk arrisku egoeran dauden baita ere, eta euren bizia arriskuan jartzen dute. Arrisku egoera larrian dauden 92 egoiliarrekin prekarietate handiarekin egiten da lan. Zergatik ez diete testik egiten langileei eta egoliarrei? Bakarrik, konfinatuta, izututa, familiarrik gabe eta artatuak izateko baliabide barik hil daitezkeen pertsonak dira. Gaixotzen badira, baliteke ospitaletara ez eramatea, eta kontuan izan behar da egoitzetan daudela, ez gaixoak zaintzeko baliabideak dituzten ospitaletan”. Era berean, Cidek eskerrak eman nahi izan dizkie ikuskatzaile orokorrari eta San Andres egoitzako langileei.

Laguntza iritsi bitartean maskarak eta bestelako materiala (plastikozko pantailak, babeserako pantailak...) San Andres zaharren egoitzara bideratzeko eskaera egin die Cidek Eibar eta inguruko enpresei. Eibarko Udalak ere laguntza eskatu du San Andres egoitzarako.