Sergio Boullosa: "Espero dugu udaletik laguntza jasotzea billar-kluba sortzeko proiektua aurrera eramateko"

Sergio Boullosa: "Espero dugu udaletik laguntza jasotzea billar-kluba sortzeko proiektua aurrera eramateko"
2021/04/16 08:37
eta kitto!
Gasteizen hiru bandatara jokatutako Euskadiko billar-txapelketan eibartarra bigarren onena izan da. Eibarko Kasinoko bost kidek lehiatu dute billar-txapelketa horretan eta, konpetizioak iraun duen hiru egunetan goi-mailako jokoari eutsi eta gero, finalean Escribano bilbotarra gailendu zitzaion Sergio Boullosari. Hala ere, bigarren postu horri esker Valentziako Gandia herrian jokatuko den Espainiako txapelketarako txartela eskuratu du Boullosak.

Lehenik eta behin, zorionak! Aurreikusitako emaitza lortu zenuen Euskadiko billar-txapelketan?

Emaitza nahiko harrigarri eta pozgarria lortu dut. Oso jokalari onak daude Euskadi mailan, baina aurtengo egoera dela eta, asko ezin izan direnez lehiaketara etorri, egia da aukera handiagoa neukala postu ona lortzeko, eta hala izan da.

Gasteizen lortutako emaitzari esker Gandian jokatuko den Espainiako txapelketarako sailkatu zara. Lehen aldia da maila horretako lehiaketa batean parte hartuko duzuna?

Lehen aldia da estatu mailako txapelketa batean parte hartzen dudana, eta oso pozik nago. Autonomia erkidegoka jokatuko dugu eta Euskaditik lau kide joango gara; horietako bat ni. Oraindik ez dago data zehaztuta, baina hilabete barru egingo delakoan nago.

Noiztik duzu billar-zaletasuna?

Oso gazte nintzela hasi nintzen billarrean jokatzen. Hasiera batean Eibarko jolas-aretora joaten nintzen kirola praktikatzera, eta gero herriko “Casino Artista Eibarres” elkarteko bazkide egin eta bertan jokatzen hasi nintzen. Zer da kirol honetatik gehien gustatzen zaizuna? Egunero da ezberdina, beti ikasten ditugu gauza berriak. Oso garrantzitsua da ondo pentsatzea eta urduritasuna kudeatzea. Zoragarria da billarra; ezin dut besterik esan.

Zein klubetan jokatzen duzu? Zenbatek osatzen duzue taldea?

Momentuz ez daukagu klub ofizialik, Casinoko txokoak ez dituelako beharrezko baldintzak betetzen: bi mahai behar ditugu, lokala ez da nahikoa, ezin ditugu txapelketak antolatu… Hala ere, bagaude hori lortzeko ahaleginak eta lanak egiten, eta espero dugu udaletik laguntza jasotzea proiektua aurrera eraman ahal izateko. Momentu honetan 25 lagun egoten gara billarrean jokatzen, eta horietako 8-9 besterik ez gaude federatuta.

Zein maiztasunekin jokatzen duzu billarrean?

Uste duzu nahikoa dela zure joko-maila hobetzeko? Astean pare bat egunetan jokatzen dugu, egun bakoitzean pare bat orduz. Hala ere, hemendik aurrera, txapelketa iritsi bitartean behintzat, ordu gehiago sartu beharko ditut eta gehiago jokatu beharko dut. Lehen aldia da horrelako maila batean jokatzen dudana eta entrenatuta joan nahi dut.

Beste edozein kirolek bezala, kategoria eta modalitate ezberdinak ditu billarrak. Non diharduzu zuk?

Hiru bandatara jokatzen dut, hori da gehien gustatzen zaidan modalitatea. Helburua karanbolak egitea da; eta, karanbolatzat joko da bola-jokalariak beste bi bolak tirada berean jotzen dituenean. Baina, balekoak izan daitezen, bolajokalariak gutxienez hiru banda ukitu behar ditu, desberdinak izan daitezkeenak edo errepikatu daitezkeenak, bigarren bola jo aurretik. “Amateur” kategorian sartzen naiz, baina ez dut baztertzen etorkizunean beste maila altuago batera pasatzea Eibarren kluba sortzea lortzen badugu.

Zein egoeratan dago billarra kirol mundua gaur egun estatu mailan?

Argi dago billarra ez dela munduko kirolik ospetsuena, eta gero eta jokalari gutxiago dituela esango nuke. Ezagunagoa eta jokatuagoa da billar amerikarra, mahai txikiagoak direlako eta errazago sartzen direlako txokoetan.

Zer esango zenioke jende gazteari billarra praktikatzera anima dadin?

Joko liluragarri eta erakargarria dela, dudarik gabe. Gorputza entrenatzeaz gain, oso baliagarria da burua ere astintzeko. Egia da oso konstantea izan behar dela eta nahiko sakrifikatua dela, baina momentu zoriontsu eta pozgarri asko ematen ditu billarrak. Behin hasiz gero, lotuko zaitu.