Tantanez Tantan, Urkusuko iturritik Untzagaraino… euskararen aldeko olatua osatuko dugu bihar

Tantanez Tantan, Urkusuko iturritik Untzagaraino… euskararen aldeko olatua osatuko dugu bihar
2016/05/20 eta kitto!
Zapatuan 13:00etan abiatuko da Urkusuko iturritik “Tantanez Tantan” edo “Gantxilaren Eguna” moduan ezagutzen dugun ekitaldia. Lau belaunalditako lau emakumek beteko dute bertan gantxila, eta eskuz esku, tantanez tanta, Untzagaraino joango da, euskararen aldeko olatua irudikatuz. Ibilbide osoa betetzeko 500 bat lagun beharko direla kalkulatu dute antolatzaileek, eta beraz, dei egiten diete herritar guztiei, “bihar kalera irten eta Eibarren euskaraz bizi nahi dugula elkarrekin aldarrika dezagun”. Antolaketa errazteko, aurten, 12 tartetan banatu da ibilbidea: “Tarte horietan egoteko gonbidapenak banatu ditugu herriko elkarte, ikastetxe, eta bestelako taldeetan. Baina baten batek ez badu gonbidapenik jaso, lasai ager daiteke nahi duen tartean. Antolatzaileok ere bertan izango gara eta premia gehien duten tarteetara bidaliko dugu jendea. Helburua ibilbide osoa hasiera hasieratik jendez beteta egotea da, eta aurten lortuko dugulakoan gaude”, diote antolaketako arduradunek.
Gantxila hartu eta kalejiran
Behin gantxila hartu eta aldamenekoari eman eta gero, antolatzaileek kalejiran joateko deia egin dute: “Gantxila ondoko lagunari eman ondoren, atzetik etorriko den kalejirarekin bat egitea eskatuko diegu parte-hartzaileei. Pankarta joango da atzeko aldean, eta trikikalariek eta hankapaloek lagunduta denok elkarrekin ailegatuko gara Untzagara, harmailen aldera”. Jon Mikel Mugikak idatzi du aurtengo aldarrikapena eta berak irakurriko du. Egun honetarako propio egindako bertsoa abestuz eta Euskaraz bizi nahi dut kantuaren doinuarekin dantza eginez amaituko da ekitaldia.

tantanez tantan kartela:Maquetaci—n 1

Erropa urdina eta koadrodun zapia
5. edizio honetan ere antolatzaileek koadrodun zapia eramatea eskatu dute, baina horrez gainera, “erropa urdinez jantzita etortzeko deia egin nahi dugu, olatuaren tantak irudikatzeko. Edozein urdin-kolorekoa eta edozer izan daiteke: alkandora, txamarra, jertsea, kamiseta…”.  Ekitaldia 13:00etan hasiko bada ere, 12:30erako jendea tarteetan egon beharko da.