Tasa progresibo eta justuagoak lortu izana aldarrikatu du EH Bilduk

Tasa progresibo eta justuagoak lortu izana aldarrikatu du EH Bilduk
2017/10/11 eta kitto!
EH Bilduren ustez tasa eta zerga justuenak zergadun bakoitzak bere diru-sarreren arabera ordaindu ahal dituenak dira, “eta Eibarko tasak ahalik justuago eta progresiboagoak izateko gure eskuetan dagoen guztia egin dugu”. Alderdiak argi utzi nahi izan du PSEren Udal Gobernua izan dela EH Bilduren tasa proposamenak onartu dituena, “ez alderantziz”. Gainera, tasa eta hobari proposamenak Gipuzkoako Foru Aldundiko arauek mugatzen dituztela azpimarratu dute gaur goizean egin den prentsaurrekoan.

Honakoak dira PSEren Udal Gobernuak onartu dituen proposamenak. Lehenik, familia gurasobakarrentzako abonua sortuko da polikiroldegirako, urtean 200 euroko kostua izango duena. Bigarrenik, trakzio mekanikodunen gaineko zergan bi proposamen onartu dira. Batetik, zergaren progresitibitatea handitzea; eta bestetik, kotxeen zergan hobari berri bat gehitzea (2018tik aurrera, familia ugariek 5 plaza edo gehiagoko kotxea izateagatik kotxeen zergan hobaria izateko aukera izango dute, %90era iritsi daitekeena seme-alaba kopuruaren arabera). Eta hirugarrenik, indarrean dauden IBI eta kotxeen zergen hobariak berrikusi eta diru-sarrerak kontutan hartuko dira 2018an, 2019an aplikatzeko, “orain familia ugari dirudun batek eta kide gehienak langabezian dituen familiak batek hobari bera eskatu dezaketelako”.

 

PSE eta EAJren jarreraren salaketa

EH Bilduk prentsaurrekoan adierazi duenez, “aspertuta gaude PSE eta EAJren umekeriekin”. Alderdi bi hauen “zarata” gaitzetsi eta berau antzua dela azaldu du, “euren artean konpontzeko itun supramunizipala duten bitartean”. PSE eta EAJ elkar ulertzera kondenatuta daudela aipatu du EH Bilduk eta “gerri politiko handiagoa” eskatu die. “Utzi albo batera antzerki eta umekeriak, eta jarri zaitezte behingoz eibartarrentzat lanean”, gehitu du.