Txaltxa Zelai eta Untzaga artean banatuta egongo den azokarekin hasiko dugu San Andres eguna

Txaltxa Zelai eta Untzaga artean banatuta egongo den azokarekin hasiko dugu San Andres eguna
2017/11/29 eta kitto!
Biharko San Andres Azokak 78 ekoizle bilduko ditu, Txaltxa Zelai eta Untzaga artean banatuta egongo diren postuetan. Azokan Eibarko hiru baserri izango dira parte hartzen: Gisasola eta Loixola, barazkiekin eta Sosola, ogiarekin. Bestela, azokak urteroko martxari jarraituko dio eta, beraz, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako produktuen erakusketa, lehiaketa eta salmenta egingo dira: 16 postutan barazkiak eskainiko dituzte; 4 postutan frutak; 21 postutan ogia; 27 postutan gazta; 7 postutan eztia; txakolia postu bakarrak izango du; eta lorak bi postutan ipiniko dituzte salgai. Horrekin batera, eskualdeko 13 baserritik (Sumendixa Goikua, Loixola, Agarre, Amazabalegi, Mandiola Gainekua, Aritxulueta, Zumaran, Iturrua eta Orbe) ekarritako animalien erakusketa ere ipiniko dute Juan Gisasola kalean, epaitegi pareko parkean. Besteak beste behiak, idiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, hegaztiak eta untxiak ikusteko aukera izango da. Jarraian San Andres eguneko egitaraua daukazue:

SAN ANDRES EGUNA 2017

09:30.- XXXIX. SAN ANDRES NEKAZAL AZOKAren epai-mahaiaren lanen hasiera.

09:30.- GANADU ERAKUSKETA Juan Gisasola kalean (epaitegi pareko parkean).

12:00.- BIKOTEKA AIZKOLARIEN TXAPELKETA (gazte txapelketan 2 bikote eta helduen txapelketan 3 bikote). Toribio Etxebarria kalean.

12:00.- German Meabebasterretxea eta Jose Luis Gorrotxategi BERTSOLARIen eta Jainaga eta Narbaiza TRIKITILARIEN EMANALDIA eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako TRIKITILARIEN KALEJIRA.

12:30.- PLAZARA DANTZARA ERROMERIA, Kezka Dantza Taldearen eskutik, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin.

13:00.- SAN ANDRES AZOKA, PINTXO TXAPELKETA eta KARTELen sari banaketa.